Gora Reala?

Erabiltzailearen aurpegia Gutunak 2026ko ekainaren 8a

Bizitako euforia kolektiboaren ondoren, nire asmoa ez da inoren poza zapuztea, baina gure herriaren asimilazioa noraino iritsi den ikusarazi nahiko nuke.

Lehenik eta behin, historia pixka bat: 

1909ko irailaren 7an Sociedad de Foot-Ball de San Sebastián taldea sortu zen; bost hilabete geroago, 1910eko otsailaren 11n, Espainiako Alfonso XIII.a erregeak, asmo osoz, Real titulua eman zion, eta, horren ondorioz, izenaren hasieran hitz hori gehitzeaz gain, jatorrizko armarria zen baloi eta bandera txuri-urdinari Borboi errege-erreginen koroa gehitu zitzaion. 

Errepublika garaian, taldearen izenari Real kendu eta armarritik koroa ezabatu zen; baina frankismoan berriro gehitu ziren biak, eta oraindik horrela gaude.

Himnoari dagokionez, sorreratik desberdinak izan dituen arren, Ricardo Sabadie musikariak gaur egungoa sortu zuen 1970ean.

Orduko presidentea zen Jose Luis Orbegozori aurkeztu zionean, letran Donostia bakarrik aipatzen zenez, presidenteak Gipuzkoaren aipamena gehitzea eskatu zion Sabadieri, eta horrela egin zuen. 

Letra hartan ez zegoen monarkiaren aipamenik; orain, baina, aurrera mutilak abestu beharrean aurrera Reala abesten da. 

Emakumeak ez baztertzearekin guztiz ados, baina ez al zegoen Reala ez den beste hitzik?

Cartujako finalean Alfonso XIII.aren birbiloba Felipe VI.ari txistu egin ziotenean ez dakit zer pasatuko zitzaion burutik, baina honelako zerbait izan zitekeen: 

"Zuek lasai egin txistu, baina, bitartean, 'gora Reala' oihukatu eta jarraitu nire koroa zuen bihotzen parean eramaten".

Esnatu gaitezen, behingoz! 

Behera Borboiak eta gora txuri-urdinak!

----------

Patxi Olabarria Irizar

Antzuola

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak