Zer etorkizun izango ote dugu

Erabiltzailearen aurpegia Gutunak 2026ko maiatzaren 17a

Kontua ez da erantzun eza. Gaur egun, zentzuaren neurria galdu duela dirudien munduan, galdera egokiak zein diren asmatzea da koska.

Horra hor Trump nola ari den Iranen, munduaren egonkortasuna reality show bat balitz bezala. Horrako hori munduko gidari, eta ia lurbira guztia arnasari eusten petrolioaren horniduragatik, inflazioagatik, ongizate eta etorkizunagatik… –hori guztia– Ormuzen baitan. Ez ditu berak bakarrik zapaltzen arrazoia, giza eskubideak edo multilateralismoa. Bidelagun ditu Netanyahu, Ekialde Hurbila hankaz gora jartzen dabilena, edo Putin, Ukraina txikitzen.

Ondorioak ez dituzte ordaintzen beren bulego blindatuetan Risk-ean egiten dutenek. Bonbak pairatzen dituztenek ordaintzen dituzte zuzen-zuzenean eta, zeharka, familia arruntek. Guztiek batera. Alde guztietan.

Eta munduaren nahas-mahas festa negargarri honi beste gertaera batzuk erantsi behar zaizkio, hala nola, klima-aldaketa, energia-krisia, eskuin muturren eta era guztietako erregimen autoritarioen gorakada, migrazio-mugimenduak eta erantzun xenofoboak, etxebizitza, polarizazio politikoa, desinformazio industrializatua, edo adimen artifiziala, zeinaz esaten den etorkizuna dela eta, era berean, gizateria erdia ordezkatuko duela.

Garai arriskutsuak bizi ditugu. Gauza bat da segurua: ez dagoela gauza segururik eta ulertzekoa da galderak sortzea gure baitan: nora garamatza honek guztiak? Zer ikusiko dute gure seme-alabek? Ze zahartzaro egokituko zaigu? Galdera argiak eta erantzun garbirik ez.

Horregatik guztiagatik, hain zuzen, hau ez da ke-saltzaileen garaia, ezta arazo "kolosalei" irteera magikoak eskaintzen dizkieten siglena ere. Konpromisoa eta benetan jokatzea eskatzen du aldi honek. Argi hitz egiteko garaia da eta egia aitortzekoa, egia esatekoa. Batez ere politikatik.

Beste ezer baino lehen, onartu beharra dago inork ez dituela erantzun guztiak. Egungo politika ziurgabetasuna kudeatzean datza. Edabe magikoak saltzen dituena ziria sartzen dabil. Gaur egun behar den politikak gauza izan behar du arrazoizko ziurtasunak aurkezteko gure esku daukagunaz. Eta EAJk baditu bost gutxienez, eskaintzeko.

1. Lehen ziurtasuna: jarrera argia nazioarteko zuzenbidearen aldekoa eta aldebakarreko eta legez kontrako gerra ororen aurkakoa. Horrek esan nahi du ez dagoela eskuin muturrarekin konpontzerik ez inolako autoritarismorekin ere, eta ezin dela bereizten ibili biktimen artean edo satrapen artean –hemen bada beste aldera begiratzen duenik Putini buruz hitz egitean–. Batzuek diote bukatu dela nazioarteko ordena; gu ez gaude horretan. Krisian dago, hala da, baina ez dauka ordezkorik. Nazio Batuak edo Europar Batasuna etsigarriak gerta daitezke baina itxaropena ere ematen dute, ezinbestekoak direlako nazioarteko antolaketa demokratikoa eraikitzeko, behar diren eraldaketak eginda. Bestela gauza onik ez: kaosa da alternatiba.

2. Bigarren ziurtasuna: euskal burujabetza nazionala indartzea. Mundua gero eta interdependenteagoa da eta, neurri batean, guk nahi dugun multilateralismoak burujabetza partekatzea eskatzen du. Burujabetza partekatu ahal izateko, ordea, burujabetzaren jabe izan behar. Eta erabakien parte izateko Euskadiren gisako nazio batek Estatu egiturak behar ditu. Gure herrialdeak onura izateko benetako erabaki ahalmena behar du. EAJren nazio-eraikuntzaren eredua mailakatua eta aurrerakorra da eta bizi-kalitateko estandar gorenetara eraman du Euskadi egungo munduan. Aurrera egin behar dugu ausarki, beldurrik gabe, burujabetza osoari inoiz uko egin gabe. Horretan jarraituko dugu errealismoz eta gogotik. Europazaletasunez eta multilateralismoarekin. Urrats irmoz eta seguruz eta bidea eginez.

3. Hirugarren ziurtasuna: gizarte kohesioa, utziezineko oinarria. EAJrentzat berdintasunik gabe ez dago Euskadiren aurrerapen politiko eta nazionalik. Gizarte babeseko gure politikak Estatuko eta Europako gailurrean daude. Eslovakiarekin batera Gipuzkoak Europar Batasuneko desberdintasun tasa baxuena du eta hori justizia sozialaren aldeko gure erabaki irmoaren emaitza da. Lortutakoari eutsi egingo diogu eta ahal dena zabaldu, beti ere ondorengo belaunaldiekiko erantzukizunez, pertsonak eta beren arazoak gure lehentasuna direlako. Eta etxebizitza, osasuna, segurtasuna eta zaintza zenbat eta hobeak orduan eta Euskadi sendoagoa, ez gizarte aldetik bakarrik, baita ikuspegitik ere.

4. Laugarren ziurtasuna: enpleguaren eta ekonomiaren lehentasuna. Gizartean ez dago onurarik ekonomian eta industrian aurrera egin gabe. Eskarmentu hori du Euskadik bere erakundeak sortu zituenetik krisi latz askoak bizitua eta horiei aurre egina. Gaur egun euskal industriaren pisua BPGen %24koa da, Europan %18koa. 2025ean langabezia %5’1ekoa izan zen Gipuzkoan, Estatukoaren erdia baino gutxiago, eta Europar Batasuneko batez bestekoa %6koa. Honaino ekarri gaituen eredua hobetzen jarraituko dugu. Berrikuntza, nazioartekotzea, lankidetza publiko-pribatuak, industria errotzea, teknologia aurreratua eta balio handiko sektoreak. Enpresa txiki eta ertainak, industrialdeak. Lanbide heziketa eta unibertsitatea. Han-hemenka entzuten diren hitz-jario batzuek baino epika gutxiago izango du honek, baina badu bertute bat: funtzionatzen du.

5. Bosgarren ziurtasuna: etengabeko hobekuntzan irautea. Konformagaitzak izatea. Autokonplazentziarik ez eta kontakizun triunfalistarik ere ez, baizik eta behin eta berriz hobetzen saiatu, zuzendu, moldatu eta aurreratu. EAJrentzat egitasmo berekoak dira gizarte eraikuntza eta nazio eraikuntza. Nazio gisa politikoki aurrera eginez izango ditugu baliabideak ziurtasun gabeziei eta erronka handiei heltzeko. Euskadi politika aldetik zenbat eta indartsuago, gizarte aldetik orduan eta prestatuago Euskadi, mundu oldarkor honi aurre emateko.

Honela heldu gara honaino. Ez irtenbide magikoekin ez salbatzaile mirarigileekin, lan eginez baizik, kudeatuz eta hobetuz. Horra EAJk eskaintzen dituen ziurtasunak mehatxuzko zurrunbilo artean ibiltzeko: kudeaketan ziurtasuna, gora-nahi politikoa eta egiazko emaitzak erakusten dituen jardunbidea. Eta garai nahasietan izan litekeen ziurtasun handiena zera da: bereizten jakitea zein dabilen "erronka kolosalak" eta "inflexio-puntuak" esan eta esan eta kito, eta zein ari den etorkizun hobea eraikitzeko gaitasuna eta konpromisoa erakusten aspalditik.

----------

Euge Arrizabalaga Olaizola

EAJ-PNVren GBBko presidentea

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak