Maiatzaren 23an, Gasteizera

Erabiltzailearen aurpegia Gutunak 2026ko maiatzaren 18a

AHTaren lan handiek alde batetik bestera zeharkatzen dute bai Debagoiena bai EAE.

Artia mendiak haize-errotaz josirik daude eta zentral eolikoak ezarri nahi dira Antzuolan, Bergaran, Gatzagan eta Aramaion. Euskal Herriko beste lurralde batzuetan ere gertatzen da, baina Araban bereziki pairatzen ari gara makroproiektuen eragina; sustatzaileei alfonbra gorria jartzen zaie, eta herritarrei informazioa ezkutatu. Ez dago plangintzarik eta landa lurra eskaintzen zaie espekulatzaileei. Lurraren defentsa dugu helburu, eta beste lurraldeetako borrokekin bat egiten dugu.

Mota guztietako industria-proiektu handiak pilatzen ari dira Araban: Abiadura Handiko Trena, makro-zentral eolikoak eta fotovoltaikoak, goi-tentsioko lerroak, makro-datu zentroak, biometanizazio makro-plantak, nekazaritzako makro-ustiategiak... Guztiek ezaugarri berberak dituzte: eskala handikoak dira, eta haien eraikuntzarako ezinbestekoa da gure landa-eremuak eta ingurune naturalak suntsitzea.

Araba espekulazio-taula gisa erabiltzen duen lurralde-industrializazioaren ereduan sakontzen jarraitzen da. Espoliazio horrek ez du paisaia bakarrik mintzen; ondasun naturalak pribatizatzen ditu, lur eta mendi komunalak desjabetzen dizkigu, landa-eremuko bizi-proiektuak hausten ditu eta gure komunitateak abandonura bultzatzen ditu.

Maiatzaren 23an mobilizazio jendetsua egingo dugu Gasteizen, gure aldarrikapenak entzun daitezen. Gure konpromisoa bizitzarekin, gertuko energia- eta elikagai-ekoizpen jasangarriarekin, eta egungo eta etorkizuneko belaunaldiak errespetatuko dituen lurralde-antolamenduarekin da. Bulegoetatik agintzen dutenek ulertu behar dute inposatutako proiektu bakoitzak aurrez aurre aurkituko gaituela; guztiona dena babesteko erantzukizuna gure gain hartuko dugu.

----------

Jon Ugarte Ugarte

Aramaixo Bizirik

Aramaio

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak