Pausoka Udal haur-eskolan, baina, ikasturte honen amaiera ezberdina izango da. 30 urteko etapari itxiera emango diote: izan ere, datorren ikasturtean 0-3 urte bitarteko eskaintza 0-2 urte bitartekora izatera pasako da Partzuergoak kudeatutako haur-eskola berriaren bidez.
Gutun honen bidez, lehenik eta behin, eskerrak eman nahiko nizkieke urte hauetan bertan lanean aritu diren profesional guztiei: hezitzaile, garbitzaile eta sukaldariei. Doazkio nire eskerrik zintzoenak langile bakoitzari, ibilbide honetan gure herriko haurrak horren goxo eta sentikortasun handiz zaintzearren. Baina zaintza horretan nabarmendu nahiko nuke haurrez gain, familiok ere izan dugun tratua: haur bakoitzaren testuinguru familiarra ezagutu eta horren arabera hain zainduak izateagatik eskerrik asko!
Oraindik gogoan daukat Pausokako lehengo bileran bertako hezitzaile batek esandakoa: "Guk nahi duguna da zuek guztiok pausoka familia bat lez sentitzea". Hasieran marketin estrategia baten barruan koka daitekeen esaldia iruditu zitzaidan, baina lau urteko hartu-emanaren ostean esan dezaket orain artean, behintzat, halaxe sentitu dudala: Pausokako langile oro etxekotzat sentitu baititut. 0 eta 3 urte bitarteko haur eta familiontzako zerbitzu publikoa eskaintzeaz gain, gure haurren heziketaren oinarriak ezartzen lagundu digun zutabe garrantzitsua izan da gurean.
Hogeita hamar urtean herrian 0-3 urteko hezkuntza eskaintza publikoa eskaini duen kooperatiba eta ereduak agur esango digu, Erkidegoko eta udalerriko administrazio publikoaren erabakien ondorioz. Eta bai, herriak jarraituko du haur-eskola publikoa izaten, baina badira aldatuko diren gauza batzuk. Batetik, eskaintza doakoa izango da, eta hori da, batik bat, herrian zenbaitzuek nabarmentzen dutena. Bestetik, eskaintza 0-3 urtekoa izan beharrean 0-2 urte bitartekoa izango da. Baina, horretaz gain, une honetan, behintzat, ez dakigu tokiko sukaldeak eta bertako lantaldeak urteetan pilatutako ezagutzaren transmisioa epe ertainera mantenduko den edo ez.
Aldaketa orok dakar zurrunbiloa norberarengan; kezka eta mesfidantza. Baina, sarri, aldaketek zerbait hobea ekarri izan dute, eta horrexegatik hartzen ditugu erabakiok. Kasu honetan, herriak irabaziko du doakotasunean, bai noski. Baina galerak ere izango ditu. Orain arteko hezkuntza eskaintzak haurren bizitzan oinarriak finkatzeko etapa bere osotasunean hartu, zaindu eta balioan jarri du: 0-3 urte bitarteko haurren zaintza eta heziketa ia-ia etxekotuz, hezitzaileen egonkortasun eta gertutasunari esker. Bai eta urte luze hauetan guztietan egindako praktika pedagogiko zein familiekiko izan duten harreman gertuko eta sentikorrari esker.
Hemendik aurrera zer? Hasiera batean hezitzaile beretsuek jarraituko badute ere, etaparen aitortza desagertuko da eta baita orain artean Pausoka udal haur-eskolak aurrera eroandako proiektu pedagogikoa. Izan ere, hemendik aurrera Partzuergoaren proiektu pedagogikoaren txapelaren baitan jardun beharko dute hezitzaileek. Eta, zentzu horretan, Aretxabaletako hezkuntza komunitateak aniztasun pedagogikoan galera bat izango du.
Horretaz gain, eskaintza berriak aldaketak ekarriko ditu ordutegi eta egutegiari dagokionez; eta zenbait familiak kontziliaziorako lehendik zeuden zailtasunak gehiago nozituko dituzte.
Lehen esan bezala, aldaketak, sarri, gure esku egoten dira eta onerako baliatzen ditugu. Kasu honetan, baina, aldaketa ez dator barrutik. Aldaketa Erkidegoko administrazio publikoaren Hezkuntza Sailak eragindako domino-efektu baten emaitza da: Hezkuntza Sailak ez du Pausoka finantzatzen jarraituko, eta, ondorioz, herriko Udalak ere ez. Erabakiak hartzea zilegi da, noski. Baina jakitun izan gaitezen erabaki bakoitzak dituen ondorio guztiez.
Amaitzeko, azpimarran jarri nahiko nuke sarri hemengo agintariek Europa iparraldeko hezkuntza ereduekiko duten mira eta arreta. Sarri uste izan baitute urrutiko eredu horiek gureak baino hobeak direla. Bada, jakin dezatela eredu horiek udal administrazioaren bidez kudeatzen direla, hein handi batean, 0-7 urte bitarteko etapan. Gurean orain artean herriko administrazio publikoak Pausokarekin egin duenaren antzera.
----------
Itsaso Pagoaga Zaloña
Pausoka Udal Haurreskolako guraso erabiltzailea
Aretxabaleta