Ongietorria Pausoka berriari

Erabiltzailearen aurpegia Gutunak 2026ko apirilaren 30a

Pausoka haur eskolaren eraldaketari eskaini nahi genizkioke lerro hauek.

Lehenik eta behin, bidezkoa da jendaurrean aitortzea bere taldeak urte hauetan guztietan egindako lan bikaina: bokazio handiko eta kalitate handiko profesionalak, gure familietan arrasto sakona utzi dutenak. Benetan, mila esker, bihotzez!

Orain, etapa berri bat hasiko da. Aretxabaletako haur eskola doako zerbitzu publikoa izango da aurrerantzean, eskubideak eta aukerak zabaltzearen aldeko apustua egiten duen gizarte eredua indartuz. Ez da urrats makala: haur guztiei bermatzen die ia jaiotzatik hezkuntzarako sarbidea berdintasunez egitea, eta hori, gure ustez, babestu beharreko funtsezko ondasuna da. Eskerrik asko, halaber, agintari guztiei, erakunde eta sentsibilitate desberdinei, hori posible egin baitute.

Orain arte, Aretxabaletan kalitatezko hezkuntza ibilbide publikoa, euskalduna eta doakoa izan dugu 2 urtetik 16 urtera. Orain, 0tik 16ra luzatzen da. Zorionekoak gara eta izugarrizko poza ematen digu.

Nostalgia apur batekin agurtzen dugu lehengo Pausoka; baina, konbentzimenduz eta itxaropenez, ongietorria egiten diogu berriari. Zorte on guztioi eta gozatu bideaz!

----------

Ane Txapartegi, Naiara Urrutia eta Maddi Bengoetxea

Pausokako familia batzuen izenean

Aretxabaleta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak