Bueno, edo hori esan ohi digute. Azkenaldian ugariak dira entzuten ditugun edonolako berriak: erailketa matxista Iruñean, urruntze aginduen urraketa, bortxaketa saiakera Oñatin.
Honek beldurra zabaltzen du, eta hala nahi gaituzte, beldurtuta. Halakoetan entzun ohi dugu kontuz ibiltzeko. Ekiditeko leku eta pertsona ezezagunak. Saihesteko desorduak. Ahal den guztietan, etxeratze kolektiboetan bueltatzeko etxera. Hartzeko ardura eraso ez diezaguten.
Guk, hala ere, ez dugu honetan sinisten; are gehiago, errealitatea desitxuratzeko besterik ez du balio. Erantzukizuna bandoz aldatzeko, alegia. Fokua arazo sistematikoan jarri beharrean eta errealitate patriarkalari aterabidea eman ordez, berorri konponbidea emateko asmoz proposamen indibidual zein aldi baterakoak besterik ez dute egiten, arestian aipaturikoak kasu.
Horrez gain, erasoak zabaltzeko moduak zalantzan jarri nahiko genituzke. Alde batetik, gertakarien benetakotasuna jakin gabe buloen zabalpena sor dezakegu. Bestalde, biktima agerian gera daiteke, errelebantzia gutxiko ezaugarri pertsonalak zabalduz; eta, beraz, bere anonimotasuna bermatu ezin dela. Azkenik, aipatu beharra dago magnitude hauetako gertakariak modu honetan zabaltzeak morbo zein kotilleoak sortzen dituela, honekiko ardurarik hartu gabe. Gainera, arazoa sistematikoki ulertu ordez, indibidualizatu besterik ez du egiten, moralaren aitzindari izanik munstroak sortuz.
Horren aurrean, argi diogu: arazo sistematikoei erantzun kolektiboa. Feminismotik borrokatzea dagokigu, elkar zainduz eta biolentziari aurre egiteko gaitasun kolektibo eta politikoa garatuz. Gure bizitzak defendatzeko prest gaude, elkarrekin eta tinko.
---------
Uxue Zubia eta Malen Aranburu
Bargastak talde feministaren izenean
Oñati