Lan ederra, Ederlan!

Erabiltzailearen aurpegia Gutunak 2026ko otsailaren 9a

Gutun hau hasi nahi dut konbentzimendu batekin.

Nik uste dut gaur egungo bizimodua guk bakarrik hobetu dezakegula, gizakiok, gehi erakundeak, gizarte mugimenduak. Hala eta guztiz ere, gure aurrean aurkariak daude, lobbyak –ekonomikoak, ideologikoak...–; aldi berean, hortxe daude politikariak: askotan, legeak egiten dituzte aurpegia zuritzeko edo boteretsuen interesetara makurtzeko.

Arrasaten adibide ona daukagu, oso garbi ikus dezakegu nola goiko politikari eta alderdi politiko asko enpresa kutsatzaile baten interesetara makurtzen diren. Ederlan enpresa eta kooperatibak –enpresa eta lobby ideologikoa– duela hamarkada batzuetatik pozoitzen gaitu, eta, dirudienez, ez dago gu eta natura kutsatzeari uzteko modurik.

Lantegi horretan gertatzen dena hobeto azaltzeko, hiru zutabe bereiziko ditut:

1-Lantegi horrek bere produktuak egiterakoan kea, hautsa, kedarra eta erretxinaren usaina sortzen ditu.

2-Lantegi horrek hemeretzi emisio-puntu ditu, eta bat ere ez dago egokituta, ez dutelako iragazkirik ipini, eta ematen du nagusiak ez daudela prest hori egiteko. Aldi berean, esan beharra daukat –nire iritziz horrela delako– bazkideak arazoen parte direla, eta ez konponbidearena.

3-Zutabe honetan administrazio publikoak aipatu behar ditut. Oso nabarmena da lantegi horrek biztanleria pozoitzen duela; beraz, Ingurumen eta Industria sailek zergatik uzten dute hori gerta dadin? Eusko Jaurlaritzak zergatik ez du neurririk jartzen, enpresek isurketa kutsagarririk ez sortzeko?

Zer da garrantzitsuena, onura ekonomikoa, lanpostuak ala pertsonen osasuna? Lehena izaten bada, lan ederra egiten duzue, Ederlan!

----------

Piter Encinas

Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak