Aurten ez dizugu eskatuko ez jostailurik, ez tabletarik, ez beroki berririk. Patologia dualarekin –osasun mentala eta adikzioak, aldi berean– bizi garen Gipuzkoako guraso eta familien izenean, opari bakarra eskatu nahi dizugu: gure lurraldean Patologia Dualerako Zentro duin, publiko eta espezialista bat.
Badakigu lehendakariak, Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Osasun sailburuak plan, inbertsio eta hobekuntzez hitz egiten dutela osasun sistema publikoari dagokionez. Pozten gara osasun mentalaz eta ongizate emozionalaz hitz egiten denean, baina, bitartean, gure seme-alabak gainezka egiten duten larrialdi zerbitzuetan, egonaldi laburreko ospitaleratzeetan eta etengabeko erorikoetan jarraitzen dute, haientzat bereziki pentsatutako leku eta tratamendurik gabe.
Patologia duala ez da kapritxo bat, ezta modako etiketarik ere: aldi berean nahasmendu mental bat eta kontsumo-arazo bat pairatzen duten pertsona askoren errealitatea da. Eta baita ere gure familien egunerokoa: hurrengo krisiaren beldurra, hurrengo gainkontsumoaren beldurra, edo hurrengo bere buruaz beste egiteko saiakeraren beldurra.
Horregatik eskatzen dizugu, Olentzero, aurten lehendakariaren, Gipuzkoako ahaldun nagusiaren eta Osasun sailburuaren mahai gainean utz dezazun:
- Konpromiso argi bat, Gipuzkoan Patologia Dualerako Zentro bat irekitzeko: oheak, eguneko ospitalea eta talde espezializatuak izango dituena.
- Ibilbide-orri publiko bat, datak eta urrats zehatzak jasoko dituena, esandakoa hitz politetan gera ez dadin.
- Beharrezko baliabideak, familiek egokitutako laguntza, orientazioa eta erreferentziazko telefono bat izan dezagun, eta ez soilik larrialdietako pasabideak eta lotura mekanikoak.
Ez dugu gehiago ikusi nahi bizitza duin bat izan zezaketen pertsonen irteera bakarra kartzela, kalea edo heriotza bihurtzen direnik, osasun sistemak behar duten arreta eman ez dielako.
Olentzero, zuk ondo ezagutzen dituzu gure haranak, gure begi-zabalik igarotako gauak eta gure malkoak. Lagun iezaguzu agintariek familien oihu isil hau entzun dezaten eta, behingoz, euren esku dagoena egin dezaten.
Osasun mentala eta adikzioak ez dira isilpean edo hitz ederrak erabilita konpontzen, baizik eta baliabide zehatzekin, talde espezializatuekin eta ausardia politikoarekin.
Aurten gure desioa sinplea da, eta, aldi berean, erraldoia: Gipuzkoan Patologia Dualerako Zentro bat sortzea, bizitzak salbatuko dituena eta itxaropena itzuliko duena.
----------
Patologia duala duten pertsonen Gipuzkoako guraso eta familien izenen (Katearen Loturak – Patologia Dualaren aldeko Familiak Euskadin)
Debagoiena