GuHaziakGarari eskertza

Erabiltzailearen aurpegia Gutunak 2025eko abenduaren 15a

Ideiak buruan pilatzen zaizkit eta denak idatzi nahi ditudan arren, zerbait ahaztuko dudanaren beldurrez hasi naiz hau idazten.

Elkartekideak herriari mintzatzeko ezinean sentitzen ditudalako ere idazten dut, elkarteak eta bertan lan egin dutenak bazterrean eta ahaztuta geratzea merezi ez dutela uste dudalako. Idatzi hau berandu datorrenaren sentzazioa ere badaukat, baina nahiago dut isilik ez geratu, norbaitek zerbait idatziz eta modu publikoan egin behar duela uste dudalako.

Ez naiz elkarteko kide izan baina bere parte sentitzen naiz. Etxean denok jarraitu dugu gertutik elkartearen jaiotza, bizitza eta heriotza. Saminduta (eta suminduta ere bai) nagoen arren, eskertuta nago batez ere eta horregatik idatzi nahi ditut lerro hauek.

GuHaziakGara Laguntza Elkartea Aretxabaletan ikusten ziren behar batzuei erantzun nahian sortu zen. Egoera zaurgarrian edo bazterrean zeudenei babesa emateko, elkar zaintzeko, eroso eta goxo egoteko aterpea emateko. Euskara ardatz edo zentro baino, presente izan duen elkarte bat da eta presente egiten jakin dute, maitasunetik eta errespetutik. Oraindik zaintza sare komunitarioaz hitz egiten ez zenean, zaintza sare komunitario bat eraikitzen hasi ziren. Parrokiaren lokaletan lehenengo, Basotxo Elkartearen erakustokian ondoren eta gehiago ezagutu dugun Iralabarri plazako lokalean ondoren. Aktibitate ekonomikoa izatea nahi zuen hasieratik; bestela lan egin ezin zutenei sustengu ekonomikoa emateko aukera bat ere izan nahi zuelako. Helburu horretan ez da urrutiegi heldu hala ere. Saiakera bat baino gehiago egin da baina lanordu osorako ematen duen aktibitaterik ezin izan da aurrera eraman. Bestelako helburuetan dena den, arrakasta haundiak eta herriarentzat onura ekarri du. Denontzat baina batez ere bazterkeria egoeran daudenentzat (emakumeentzat bereziki) beti izan dituzte ateak zabalik. Elkartean inor ez dela baztertua sentitu esatera ausartzen naiz. Herrira etorri berriek dituzten zailtasunak gertutik ezagutzen zituztelako, beraientzat aterpea izan da. Indarkeria matxistak eragindako bazterkerian daudenentzat babestokia izan da. Bakardadean daudenei ere harrera eman die. Feministatzat bere burua sekula hartu ez duen elkarte feminista bat izan dela esango nuke. Emakumeen babes tokia, eremu segurua, zaindua, goxoa, abegikorra, eskuzabalaBaina guzti hau nik esateak ez du ziur aski nahikoa indarrik.

Babes ekonomiko instituzionala izan duen arren, ekonomiak itota hil da, urtero bezala, dirulaguntzen ordainak gastuak baino askoz beranduago heldu direlako eta horrelako egoera prekarioan egoteak min eta sufrimendu gehiegi dakarrelako. Irrifarreak nagusi ziren aterpean, nekea pilatu da eta gehiago ezin dutelako amaitu da GuHaziakGararen ibilbidea.

Herrian ditugun kale muraletako asko GuHaziakGara elkarteak sustatuak izan dira eta begira dauzkagu. Herritar askok parte hartu dute pareta horiek kolorez betetzen. Hor dauden aurpegiek interpelatzen nautela sentitzen dut, bihotzetik, barrutik eskerrak eman nahi ditut baina ez naiz ni beraiek espero duten eskertzaren emalea.

Lehenengo aktibitateetako bat ortua izan zen. Lurra zainduz pertsonak zaintzen ziren eta lurraren fruituek plater batzuk bete zituen arren, batez ere non egona ez zutenentzako airezabaleko aterpea izan zen. Nekeak itota amaitu zen aktibitate hau baina nire ustez badu etorkizuna, eta oparoa izango dela uste dut.

Joskintza tailerrengatik ere izan da ezagun. Bertakoen eta etorri berrien arteko elkarbizitza sustatzeko helburuarekin, eta bide batez elkar zaintzeko. Joskintza tailerretan ikasitakoarekin eta hurbildu diren profesionalekin, konponketak behar zituzten arropa asko pasatu dira tailerretik baina batez ere gure herriko kaleetan ikusten diren baserritar soineko ederrak sortu

direla nabarmenduko nuke. Hauek ere luzaroan iraungo dute kaleetan eta soineko horiek egin dituzten eskuak ezagutzen ditugunontzat, poztasun iturri izaten jarraituko dute.

Bazkari internazionala ere antolatu izan du; kultur aniztasuna eta kulturartekotasuna elkartearen aktibitate guztietan txertatuta egon den arren, aktibitate honek eman dio horren erakusleiho izatea. Mota askotako eskulan desberdinen ikastaroak ere antolatu ditu. Kakorratzak elkartu zituen taldeak ere luze iraun du eta babestoki ederra izan da askorentzat.

Bazterkeria arriskuan dauden familietako seme-alabentzat eskola errefortzuak ere ibilbide oparoa egin du urte askotan. Pertsonengan sinisteak eta behar haundienak dituzten pertsonen beharrak zentroan jartzeak, mota askotako aktibitateak egitera bultzatu ditu. Zein baliabide gutxirekin zenbat pertsonarengana hurbildu eta babesa eman dion kontatzea eta azaltzea lerro hauetan idaztea ezinezkoa egiten zait.

Elkartean, ordaindutako lanorduak baino ez ordaindu gehiago izan dira hasieratik. Horrek ere pisua eta nekea dakar, batez ere elkartearen lanaren aitortza falta denean.

Azken ekintza bat geratzen zaio elkarteari: azken mural bat egin nahi dute eta eguraldi onaren zain daude. Badakite zer eta non margotu eta tokatzen denean honen berri emango digutela espero dut eta bertan parte hartzera joango naiz, nire eskertza paretan margotuta geratu dadin. Pareta bati jositako koloreak biziagoak dira eta askoz ikusgarriagoak. Elkartearen bizitza amaitu da eta bere ekintzek izan duten ikusgarritasuna izan dute, baina muralek hor diraute eta iraungo dute beste apur batean. Aretxabaletak zaintza sare komunitarioan zuen tresna baliotsu bat galdu du, baina egin denari harrotasunez eta pozez begira nago.

Mila esker bihotzez.

----------

Oier Etxebarria Gutierrez
 

GuHaziakGara Laguntza Elkartea

Aretxabaleta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak