Baina susmagarria iruditzen zaigu EITB erakunde publikoak bizitza luze eta onerako interesa izatea, EAEko Gobernuko alderdiek gure Herri Ekimen Legegilea (HEL) arbuiatzearekin batera. Gure HELak, hain zuzen ere, adineko pentsiodunek bizi-baldintza duinak eta, beraz, zahartze osasuntsu eta luzea izateko adina diru-sarrera bermatzen zituen.
HELaren onuradun diren 90.000 adineko pentsiodunek, batez ere emakumeek, dantza asko egin arren, gero eta arazo gehiago dituzte hilaren amaierara iristeko, osasun integrala, elikadura osasuntsua, etxebizitza erosoa eta mendekotasuna artatzeko ezinbesteko zerbitzuak eskuratzeko. Inork pentsa al dezake baldintza horietan zahartze osasungarria egin daitekeela? Arazo horiei aurre egingo al zaie aurtengo EITB Maratoiarekin?
Hau guztia esaten dugu, zeren, o! ezustekoa!, jasoko diren funtsen hartzailea EAEko Gobernuko erakunde bat izango delako. Bilketaren erakunde hartzailea Berrikuntza eta Ikerketa Sanitarioko Euskal Fundazioa (BIOEF) da, Osasun Sailak Euskadiko osasun sisteman berrikuntza eta ikerketa sustatzeko sortu duen tresna.
Osasun sistema publikoa garatu eta hobetzeko zergak ordaintzeaz gain, orain Gobernuak txapela pasatzen du Gabonetako datak aprobetxatuz, herritarrek finantza ditzaten gobernuaren aurrekontuekin ordaindu beharko liratekeen programak, eta hartzaileen parte-hartzearekin ebaluatu beharko liratekeenak.
Abenduaren 18rako adineko pentsiodunei dei egiten diegu Gasteizen antolatu dugun manifestazioan parte hartzera. Irteera 11:00etan, Bilbo plazatik. Hori izango da gure errebindikazio-maratoia!
2026ko aurrekontuetan gutxieneko pentsioak osatzea baztertu du Eusko Jaurlaritzak.
Aurrekontuen negoziazioak blokeatuta daude eta Eusko Jaurlaritzak, gehiengo absolutuarekin, uko egin dio 145.142 sinadurak abalatutako Herri Ekimen Legegileak eskatzen zuen gutxieneko pentsioen osagarria sartzeari. Ulertezina da EAJk eta PSEk, ados zeudela esan arren, 1.100 eurora arte osatzen duen Nafarroako akordioa ere ez errepikatzea. EHPMk salaketa kanpainari eusten diogu eta manifestazioa deitu dugu abenduaren 18rako Gasteizen, aurrekontuen bozketarekin bat eginez.
----------
Rufina Olasagasti Zubeldia
Gipuzkoako Pentsiodunen (GIPE) izenean
Debagoiena