Beldurra mendian

Erabiltzailearen aurpegia Gutunak 2025eko abenduaren 2a

Azaroaren 24a, igandea, 13:30. Aramaioko Azkoaga auzotik Ganborralderako bideak beldurrezko film bateko eszenatokia zirudien.

Mendira gozatzera atera nintzen, aire garbia arnastu eta burua, gorputza eta arima baretzera. Oraingoan, baina, ezin.

Behixen granjie pasatu eta lehenengo aldapan, goitik behera korrikan zetorren aramaioar batek alertan jarri ninduen: "Kontuz fan, bidien ziher hainbat ehiztari daz eta!". Txakurrarekin nindoan, eta burutik pasa zitzaidan: "Txakurra aurreratzen bada eta ehiztari batek zarata bat entzuten badau, iguel tiro egingo dutzo. Ostras! Edo neuri egitten badustie tiro?". Ez nekien abesten hasi, txistuka joan... aurrez konturatu zitezen pertsona bat zetorrela.

Bigarren aldaparen amaieran, zuhaitz batzuen artean, lehenengo ehiztaria ikusi nuen. Kolpean, polizia etorri zitzaidan burura: gizon bat, txaleko laranjarekin, aurpegia estaltzen zion buff beltz batekin, bisera laranja eta eskopetari aurrealdean bi eskuekin eusten.

"Beldurra ematen duzue", esan nion. Eta berak erantzun: "A ver si cogemos un jabali". Erantzun egin nion: "A ver si se escapa". Eta berak orduan: "Están haciendo mucho daño". Ez nion erantzun, aurrera jarraitu nuen, nire paseoa zapuztu nahi ez nuelako; eta neure buruan: "¿Daño? Más daño hacen las personas con un arma en la mano!". Baina ez nion erantzun.

Aurrera jarraitu nuen, eta 100 metrora beste ehiztari bat ikusi nuen, eta aurrerago beste bat... Guztira zortzi: zazpi gizonezko eta emakumezko bat.

Amorrua handitzen ari zitzaidan barruan, eta aldapak amaitutakoan, sorpresa! Bost auto San Adrian pasatuta dagoen zelaian.

Bua... sutan!

Eta tiroak! Ai, ama... baina non nago?

Badakit askok ehiztarien lana ezinbestekoa dela uste dutela, baina nik uste dut naturak badituela tresnak ehiztariek bilatu nahi duten oreka hori bermatzeko. Agian, pertsonok ez diogu uzten naturari lan hori egiten! Eolikoak direla energia gehiago eta berdeagoa lortzeko, ehiztariak direla basurde, otso edota oreinek egiten dituzten triskantzak desagertu eta dagoen desoreka orekatzeko...

Nik argi daukat: sekula ez du arma batek ez orekarik ezta bakerik ekarriko.

----------

Maitane Gomez de Segura Ceciaga

Aramaio

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak