Egoera honek, noski, eragin egiten du gure osasun mentalean. Osasuna osotasuna baita. Zatiak, puskak, gaixotasuna: eritasuna. Agian, horregatik hainbesteko zaintza garaiotan. Erizain, hainbesteko kamera, polizia eta ertzain biolento. "Gauzak horrelaxe daude", dio Gorkak, baina horrela ez direla. Nor ez dator bat?
Artista euskaldun guztien aldeko aldarria da hau, musikan zentratuko banaiz ere. Soinua, doinua, erritmoa, tonua… eta hitzak. Batez ere, hitzak. Ez daitezela gal, ez ditzagun jan. Artista, zerbait bada, sentibera da. Arras ongi sentitzen du bere eta inguruko errealitatea, emozioen bidez. Animalia emozionala naiz. Sentitzen dudana nola ez da, ba, zentzudun izango? Errealitatearen ahalik eta irudirik fidelena daukat eta! Hitzak berak dio: zentzuduna, zentzuen bitartez sentitzen duena. Pikulitan dago, arrazoiarekin sentitzen dutenen (GKS datorkit burura) zentzu alienatua!
Arrazoia zentzuzkoa izateko, sentitu egin behar dugu lehenik: emozioei arreta eskaini. Sinpleki zerrendatuta, hauek dira emoziorik esanguratsuenak: poza, tristura, haserrea eta beldurra. Euskaldunok, mendez mende bizitako ankerkeria guztien ondorioz, beldur gara, akatuko ote gaituzten. Ulertzekoa da, eta errealista ere bai. Irakurri bestela UEMAren eguneroko Euskararen hemeroteka Telegrameko kanala. Markatu nau, eta salbatu, Anariren ametsen eraiste neurtuak: Zure buruaz beste… bat egitea-k. Eztarria korapildu egiten zait oraintxe ere. Bizipoz gabe egotetik, argi izpi bat ikustera… eta haren atzetik aritzea, bidelagunik aproposenez, lehen bale arrantzaleak artizarraren atzetik bezalaxe.
Bidaia psikologiko zabal eta sakonak egiten ditut gure musikagileek lagatako ondarearekin. Joan zirenak ere gurekin daude, gogoan. Belaunaldi berriak, gogoz. Denak eskura, musu-truk, plataforma digitalen algoritmoei esker. Erabili, beldurrik gabe, adimen artifiziala. Garaiotako baliabideak dira, betiko beharrak asetzeko. Ez batekin maitemindu. Denek daukate baliorik, bakoitza berean da maisu, maitale.
Fin batean, gizakiok, konplexuak izan baino gehiago, akonplexatuak gaudelakoan nago. Ni bai, behintzat. Oskol hori nola eraiki dudan ezagutzeak, egun horrela zergatik aritzen naizen ulertzeak, aukera eman dit komeni zaidan etorkizuna marrazteko. Iruñeko Nabarralden ikasia dut hiru denborak elkarbizitzan nola enkajatzen duten: iragana ezagutu, oraina ulertzeko, etorkizuna proiektatzeko.
Kontzientzia nazionala lantzen dugu, ondarea, memoria, nortasuna, askatasuna fin baten. Aurrera noa eta harro nago. Jexux, Angel, Iñigo, Mikel, Koldo, Marian, Beñi, Mirari, Iñaki, Patxi, Rafa… izaki biblikoak. Orreagako herri existentzian, Asisko, Aritz, Iñigo… txikitik bihotz handiz eta buru argiz.
Nahiko nuke ere Herri bezala "aurrera goaz eta harro gaude" aho batez esatea. Atzoko elurrak baketuko al ditu gure barne su eta liskarrak! Aldedien keriak –zenbat funtzionario?– baztertuko al ditugu, eta bestelako antolakuntzak berreskuratu! Fededun naiz Arantzazun. Garai latzetan artistek aho batezko elkarlanean eraikitako babesgune arantzatsuan. Gure izpiak hortik behar du etorri, topagunetik. Misteriotik. Pietateko etxe barrietatik.
Artistok, nire garapenaren musika-banda zarete, eta zuen sormenarekin gure korapiloak askatzen jarraituko duzue. Gure terapia komunitarioa sustatzen, Latzenen Kontzientzia ala infernuak izen bereko bloga betiko Argia-n hasteko eta hazteko arnastu ninduen bezala.
Donostiako IZKALIn eta Arrasateko osasun mentalean kiskali dut barruko mamua, gestalt bat osotuz eneagramak markatu bidetik, Oihana, Maribel, Juanjo… artixan gora.
Ordainetan, Creative Commons CC0 da nire ondarearen lizentzia. Nahieran erabili dezazun.
ULMAko eta CAFeko lankideei, zaintzagatik ere bai.
Etxekook ere badakizue maite zaituztedala. Ez da tabu maitatzea.
Beldurrari, adorea, kemena, kuraia. Elektrizitatea!
Gora gu ta gutarrak! Gora bihotzak!
Pro libertate patria gens libera state.
----------
Iñaki Idigoras Igartua (ingeniaria)
Oñati