Sentitzen dudan amorrua polizia ezberdinetako agintariengana zuzendu nahi dut, poliziek, Memoria Historikoaren Legea urratzen duten ekintzen aurrean, beste aldera begiratzen dutelako edo tiroak botatzen dituztenean guztiak "ezkerretara" bideratzen dituztelako. Adibidez, Gasteizen urriaren 12an gertatu zen bezala, Falange de la Jons erakundeak manifa bat antolatu zuen, eta hainbat zauriturekin eta 19 atxiloturekin bukatu zen ekitaldia.
Bestalde, despotismo ilustratua aplikatzen duten politikari kargudunek, adibidez, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak, Gasteizen gertatu zenari estaldura eman zion, legeak aukerarik ematen ez zuelako ekitaldia ezin zuela debekatu esanez. Aldi berean, gertatutakoaren errua Bilduri eta antifaxistei leporatzen zien. Horren harira, galdera pare bat bota nahi dut: Lege horrek kidetasunaren arabera funtzionatzen al du? Eta, orain, galdera erretoriko bat dator: preso politiko bat aske geratzen denean, zergatik ezin dugu ongietorririk egin? Azken batean, zuen nahien arabera erabakitzen al duzue zer debekatu eta zer ez?
Ildo beretik jarraituz, zergatik debekatu nahi zuen 15erako Euskadi-Palestina futbol-partidarako deitutako baimena duen "kalejira" bat? (gezurtero). Pertsonaia horrek jakin beharko luke politikan gauzak egin behar direla lerroak okertu gabe.
Beste politikari kargudun batek, Espainiako Gobernuaren ordezkariak, antifaxista mugimenduarekiko errepresioa justifikatzen zuen, demokrazia lezioak emanez.
Nola esan dezake "besteek" ez dituztela iritzi desberdinak eta desadostasunak errespetatzen, (bere) poliziak arerio politikoak zapaltzea txalotzen duen bitartean? Non dago inkongruentzia? Marisol Garmendiak eskubide osoa dauka, nola ez, Guardia Zibila gizartearen zerbitzura dagoela esateko. Dena gertatu zen bezala, nik espero dut eskubide bera edukitzea nire iritzia ez dela berdina esateko; are gehiago esango nuke: Espainia laguntzera joan nahi badu, billetea emango nioke. Baina joateko bakarrik, ez berriro etortzeko.
Zer zerikusi dauka politikarien jarrerak gutun honekin?
Nire iritziz, politikariei ahoa betetzen zaie demokrazia hitzarekin, baina uste dut ez daukatenari buruz hitz egiten dutela. Orain azalduko dut zergatik esaten dudan hori, historia-lezio labur baten bidez.
1932an, Espainiako Gobernuko presidentea Manuel Azaña zela, Jose Sanjurjok estatu-kolpe armatu bat eragin zuen. Historialari batzuek esaten dute porrot egin zuela; nik zalantzak ditut. Hala eta guztiz ere, atxilotu egin zuten eta heriotza-zigorra ezarri zioten. Gobernuak, arazo larririk ez edukitzeko, betiko kartzela-zigorra aldatu zion, baina bi urte geroago gobernu errepublikanoak amnistiatu egin zuen. 1934ko apirilean, Estorilera (Portugal) joan zen, erbesteratuta, eta han egon zen 1936ko militar-kolpea prestatzen.
Bost lerro horiekin esan nahi dut erakunde eta politikari batzuek, gehiegitan eskuindarrek, ez dutela ikusi nahi faxistek egiten dutena, baina, aldi berean, ezkertiarrek egiten dutena zapaltzen dutela, bai poliziak, bai justizia (deiturikoa) erabiliz.
Alegia, ze etorkizun txarra edukiko dugun ez bagara kapazak izan egoerari buelta emateko.
----------
Piter Encinas
Arrasate