Matxismoa ez da beste garai batzuetako kontua, emakumeok egunero jasaten dugun zapalkuntza da. Aurten 6 emakume izan dira erailak Euskal Herrian, albisteak irakurtzea besterik ez dago honen larritasunaz jabetzeko; azken hilabeteetan urruntze agindua urratu eta emakume bat itotzen saiatu da haren bikotekide ohia Irunen, talde bortxaketa bat eman da Iruñean, Angelun emakume bat erailtzen saiatu da bere bikotekide ohia…
Errealitatea gordiña den arren, gero eta inpaktu sozial gutxiago dute mota horretako albisteek, eta hori mobilizazio egunetan ere nabaritzen da. Azken urteetan matxismoaren normalizaziorako joera areagotzen ari da. Matxismoa ukatu eta hori asmakizun ideologikoa dela dioten ideiak ez dira alderdi politiko ultraeskuindarretara mugatzen, gero eta gehiago dira kale mailan ere emakumea gutxiesten duten diskurtso horiek zabaltzen dabiltzatenak. Gainera, ideologia faxisten eraginez, ohikoa bilakatu da indarkeria matxista etorkinak seilanatzeko eta jazartzeko argudio gisa erabiltzea, horiek izango balira bezala emakumeok zapalduta eta zaurgarritasun egoeran mantentzen gaituen indarkeria betikotzen dutenak. Irakurketa hori errealitatetik oso aldenduta dago, emakumeok jasaten ditugun indarkeria kasu gehienak gertuko inguruetatik (familiako kideak, bikotekideak eta bikotekide ohiak, familiako ezagunak…) baitatoz.
Ideia erreakzionario horien zabalpenak, sare sozialetatik emandakoa batez ere, gazte sektoreetan eragin handia izan du, adibideak jartzeagatik, EAEko 14-29 urte arteko mutil gazteen %47k salaketa faltsuen aurrean babesgabe dagoela pentsatzen du, eta beste ugarik indarkeria matxistaren aurkako legeak emakumeak soilik babesten dituela diote, hori bidegabetzat seinalatuz. Baina zein da indarkeria matxistaren aurrean babesgabe dagoen subjektu erreala? Komunikabideetan ikusten ditugun salaketak eta indarkeria matxista kasuak errealitatearen zati txiki bat besterik ez dira. Emakume asko salatzeko beldur dira, eta beste batzuetan, salaketa aurrera eramateko ezintasunak dituzte. Faktore ezberdin ugarik eragiten dute salatze prozesu horretan, horietako batzuk ondorengoak izanik: bizi baldintza prekarioengatik indarkeria sufritzen duten espazioetatik irtetzeko ezintasuna, emakumeon hitza etengabe zalantzan jarri izana, froga nahikorik ez edukitzea, salatu ezean eta salatzen bada ere errudun sentiaraztea… Eta guzti horri instituzioek egoera kudeatzeko eta erasotuari laguntza eskaintzeko daukaten ezintasuna gehitzen zaio.
Indarkeria matxista zalantzan jartzen duten ideia erreakzionarioek indarkeria bera normalizatu eta erasotzaileek inpunitate eta babes osoa izatea lortzen dute. Baina Itaiatik argi utzi nahi dugu aurrean izango gaituztela. Egoera larria izanik, ideia matxista eta faxisten gorakadaren aurka posizionatzeko garaia da, horiei erantzutea guztion ardura baita. Erasoen auka erantzun irmoak eta eraginkorrak ematen jarraitu behar dugu, horiek gure herrietan tokirik ez dutela argi uzteko. Gauzak horrela, Azaroaren 25ean kaleak hartuko ditugu, matxismoaren normalizazioaren eta erasotzaileen inpunitatearen aurka eta emakume langilea askatuko duen alternatibaren alde. Sor dezagun erralitate bortitz honi aurre egingo dion bloke antolatu zabal bat.
Indarkeria matxistaren aurka kaleak hartu!
----------
Miren Iturbe
Itaia Deba Bailarako kidea
Debagoiena