Behin eta berriz entzuten ditugu modu bortitzean beraien "a mi hablame en español" bezalako esaldiak, behin eta berriz sentiarazi gaituzte alien gure herrian, gure etxean.
Horrelako milaka bizipen ditugu, eta sentsazioa daukagu orain beraien hegemonia zapaltzailea inoiz baino modu publikoagoan eta inoiz baino harroago aprobetxatzen eta guganako gorrotoa oso modu argian adierazten ari direla; izan ere, esaterako, geroz eta kartel gehiago gaztelera hutsean egoteaz gain, euskaraz dauden karteletan zatiak ezabatu edo gainean gazteleraz idazten hasi dira.
Adibide bat jartzeagatik, duela gutxi Bergaran egon zen Hizkuntza eskubideak eta euskararen telefonoa hitzaldia iragartzen zuen kartel batean ponerlo en Español por favor... No entiendo! agertu zen idatzita. Oso egoera ironikoa da, hasteko, esaldi hori idatzi zuen pertsonak horrenbeste maite eta goresten duen hizkuntzako gramatika, ortografia nahiz puntuazio markak ez dituelako errespetatzen. Gainera, askoz egoera ironikoago bilakatzen du kartelaren edukiak berak; izan ere, hizkuntza eskubideen behatokiko zuzendariaren hitzaldi baten aurkezpena iragartzen zuen. Hau da, edukiari begira nahiko ironikoa –eta zapaltzaileek beraien hegemoniarekin duten harrotasunaren eta zapaltzen jarraitu nahiaren erakusle garbia– izan daiteke.
Ez dute gu ahaldunduta egoterik nahi, ez dute gure eskubideak existitzerik nahi. Garbi daukagu euskarari eraso egiten jarraituko dutela eta, are gehiago, harro sentitzen direla euskaldunon eskubideak zapaltzen dituztelako. Euskara museoko hizkuntza bilakatu nahi dute, baina ez diegu utziko. Euskaldunok ez dugu guganako erasorik onartuko, aurrean izango gaituzte, geure burua babestuko dugu. Beraz, aipatu ditugun erasoak geroz eta ohikoago bihurtzen badira, gure erantzuna ere halakoa izango da.
Ez dugu euskararen eta euskaldunon aurkako inolako erasorik onartuko!
----------
Ibon Leibar, Ainhoa Pardina, Iñaki Manuel eta Josu Alonso
Bergarako Euskal Herrian Euskaraz
Debagoiena