Eskerrik asko!

Erabiltzailearen aurpegia Gutunak 2025ko urr. 17a, 00:00

Historia kontatzeko era asko daude: liburuen bidez –nobela historikoa–, komikiak, dokumentalak, podcastak, bideo didaktikoak, pelikulak eta antzerkia.

Azken hori erabili genuen urriaren 4an, larunbatean. Dramatizazio eta satira bidez gure herriko historia kontatu nahi izan genuen. Urteak daramatzagu bisita gidatu antzeztuak egiten; lan handia da: gidoia egin; boluntarioak lortu, hura antzezteko; atrezzoa lortu, ahal den neurrian akzioa girotzeko; eta, entzun dadin, mikrofonoak eta soinuak lortu.

Antzezpen horren bidez lortu nahi duguna da historiak bizirik jarraitzea berriz, eta, horretarako, herriko jende gaztearekin lan egin nahi dugu, beraiek baitira gure geroa. Gure oroimenaren esperantza, gertaturikoa ez ahazteko eta justizia eta erreparazioa eskatzeko. Herri bezala erakutsi zer izan garen eta zer izango garen.

Gertaturikoa ez errepikatzeko, herritar gazteak kontzientziatu behar ditugu, beraiek hartuko baitute gure erreleboa. Herri hau beti izan da hainbat gudarosteren eszenatoki; gutxitan irabazi dugu, baina urriaren 4 hartan lortu genuen. Errepublikaren kolpe militar hartako pertsonaietako bat gelditzea lortu genuen, Camilo Alonso Vega, eta zazpi hilabeteko erresistentziaren ikur bihurtu zen gure herria.

Antzezpena egiteko, Euskal Herri osotik etorritako pertsonak izan ditugu: Somorrostro, Gasteiz, Pasaia, Usurbil, Itziar, Maruri, Gorliz, Ondarroa, Bergara, Elorrio, Angiozar, baita Bruselakoak eta Nafarroako hainbat herri txikitakoak ere. Denak boluntarioak, hamaiketako baten truke etorriak, helburu bakarrarekin: historia ikusaraztea eta azaltzea. Era berean, balioa ematea pertsona haiek 1936an balentriaz lortu zutenari. Ez dugu ahaztu nahi nondik gatozen eta nora goazen herri euskaldun bezala; gu ta gutarrak.

Eskerrik asko Gasteizko Fakultateko Historiako ikasleei eta Institutuko irakasleei, euren denboragatik eta laguntzagatik.

Denoi eskerrak ematen dizkizuet Intxorta 1937 Kultur Elkartearen alde egin duzuen ahaleginagatik bisita gidatu hori aurrera ateratzeko. 

Esku-zabalik jasoko zaituztegu hurrengo ekitaldietan.

Argazki-bilduma egiten ari gara. Inork argazkirik badauka, bidali, mesedez, helbide honetara: nvillaaranzeta@gmail.com.

----------

Nerea Villa Aranzeta

Intxorta 1937 Kultura Elkartea

Elgeta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak