'Inshallah', Anas

Erabiltzailearen aurpegia Gutunak 2025ko urr. 3a, 00:00

Abuztua da. Iratxen bildu gara Jurramendi igotzeko.

Gudarienetik baino gehiago, gurutzeen bidetik (via crucis-a) ekiteko gomendatu digute. Berbagai, Gazako egoera. Israelek, genozidioa gauzatzeaz gain, honen kontaketa ere isilarazi nahi du: ia 300 kazetari erail ditu, Al Jazeerako Anas al-Sharif tartean. 

Bazekien Anasek bere herriaren alde egiteak zekarkion arriskuaz; eraila zenerako, idatzia zeukan mezua. Sarri aipatzen du Allah. Fededuna zen Anas.

Jurramendi gailurrera iristen ari gara. Jesukristo beltz bat dago milaka karlistaren bilgune izan zen mendian. Fededunak ziren; Zumalakarregi buru, herria defendatu zuten; askok bizitza galdu ere bai. Anasek bezala.

Palestinako bandera konplexurik gabe haizatzen dugu. Beren izaera erlijiosoa ez da aitzakia. Beren gizarte eredua ere ez. Herri baten biziraupena dago jokoan.

Iruditzen zaigu, baina, bestelako betaurrekoz begiratzen diogula geure erresistentzia indarrari: independentzia garaietako Nafarroako Erresuma defendatu zutenak monarkikoak zirela. Konkistatuak izan ondorengoak, berriz: Zumalakarregi, fededuna; Arana, arrazista; abertzaleok, atzerakoiak. Orain, berriz, euskaltzaleok burges pribilegiatuak omen. Zenbat baina gure borrokari! Zenbateraino asimilatuak gauden! Nondik datoz baina horiek guztiak? 

Ideologikoki, ba ote da gure askapen borrokarako espainiar zein frantziar ezkerreko intelektual errepublikanoa baino iturri pozoitsuagorik? Inshallah, Anas, palestinar belaunaldi berriek zuen borrokaren funtsa ulertu eta bere egingo dute! Israelek zabalduko duen pozoia irentsi gabe, zuen borrokari baina-rik bilatu gabe. Esana digu geuri ere Lauaxetak, eraila izan aurretik: "Dana emon bihar jako maite dan askatasunari".

Berriki Espainiako Vuelta gelditu dugu Bilbon, palestinarrekiko elkartasunez. Noiztik ez dugu, baina, Ebron geldiarazi? Urriaren 4rako manifestazio nazionala antolatu dute Palestinarekin Elkartasunakoek.

Bandera nazionalik eramango al dugu palestinarrei elkartasuna adierazteko?

Herri zapaldutik elkartasuna herri zapalduari: Nabarratik Palestinara.

Abuztura bueltatuz, nolatan baztertu genuen gudarien bidea, via
crucis-a egiteko?

----------

Iñaki Idigoras Igartua eta Jexux Agirresarobe

Oñati eta Usurbil

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak