Garraio publikoa Debagoienean, 'giri' baten ikuspuntutik

Erabiltzailearen aurpegia Gutunak 2025ko urr. 6a, 00:00

Aurten ere bueltatu naiz herrira uda pasatzera.

Garai batean nire klasekide askok egiten zuten bezala; izan ere, "al pueblo" joaten ziren udaro. Emigrante askoren patua da hori, eta euren hurrengoena baita ere, kasu askotan: batzuetan, nahita; beste batzuetan, behartuta. Alabak oraindik pozik etortzen dira, baina horrela noiz arte izango den zaila da esatea. Kasu batzuetan, emigranteen seme-alabek erabakitzen dute "txorien migrazioa" aldatzea; eta beste batzuetan, jarraitu egiten dute eta hurrengo generaziora transmititzen dute herrira joateko ohitura.

Ba, esandako moduan, nik jarraitzen dut, eta abuztuan Debagoienean egoteak gauza onak eta txarrak dauzka. Bakea eta lasaitasuna gustatzen zaigunondako primeran dago, nahiz eta urtero jende gehiago egoten den abuztuaren erdialdean; orain dela hamar urte ez zegoen inor, eta autoz etortzen ziren bisitariek ez zeukaten inolako arazorik aparkatzeko. Gauzak aldatu diren seinale izan da bisitan etorri diren lagunek ez dutela hain erraz topatu aparkalekua… eta horri konponketa erraza topatu nion: garraio pulikoa.

Ni La Vergaresa garaikoa naiz, Boluko aldapa hasieran zegoen autobus-biltokiaren garaikoa.

Nire gazte garaian jadanik ez zegoen trenik. Ez naiz hain zaharra, baina trenbidea oraindik existitzen zen; goiko estaziokoa, gehienbat. La Vergaresa, eta gero Pesa, beheko tren estaziora mugitu zen, baina oraindik bazegoen geltoki bat, aterpe batekin eta gizakume batekin, galdetzeko beharra zegoenean. Baina hori aspaldi desagertu zen: bai konpainiako langileak, baita biltoki/geltokia.

Horiek ez dira desagertutako gauza bakarrak; kontsumitzaile zerbitzua ere desagertu da, beste gauza askorekin batera. Autobus-ibilbideak ere desagertu dira, noski; oraindik ez dut lortu nire alabei Iruñea erakustea, ze ez da batere erosoa Bergaratik ailegatzea: asko jota ordu bateko bidaia izan behar du, baina bi ordutik gora kostatzen da, Gasteiztik edo Donostiatik joanez gero.

Hala ere, nahiz eta ibilbide gutxi egon, eta biltokirik ez, gutxienez autobusak izango dira modernoak eta txukunak, mugikortasun murritza daukaten pertsonendako prestatuak, Internet eroso erabiltzen ez duten pertsonendako erraztasunekin, ordaintzeko erraza, makinak geltoki askotan, eta zelan txartela erabiltzera behartzen zaituzten, ba, erraztu egiten dute txartel berarekin gutxienez Erkidego osoan ordaintzera… Bai, zera!

Eta eskerrak emigranteek erabiltzen duten garraio publikoa; udan, autobusaren erabiltzaileen erdiak gutxienez emigranteak ginen beti. Uste dut emigraziorik gabe autobus zerbitzuak tren zerbitzuaren etorkizun bera daukala.

Lotsagarria da!

----------

Ignacio Irigoien  

Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak