Hasieran, zalantzak eta galderak: nor zegoen proiektuaren atzean? Zein zen proiektuaren benetako helburua? Zein izango ote zen Antzuolako herriaren jarrera proiektu honen aurrean?
Ondoren, aurreko zalantzak argitu gabe genituela, egonezina eta beldurra. AHTa, autobidea, goi tentsioko lineak, gasbidea… Horiek gutxi ez eta Trekutz eta Irimo ingurua ere hondeamakinek jan behar al digute?
Egonezin horretatik abiatuta, galdera potoloak izan ditugu gure bileretan. Horiei erantzun nahian, gainera datorkigun proiektua Antzuolako mugez haratuago bizi dugun krisi egoera orokorrean kokatu behar izan dugu: klima aldaketa, energia krisia, hondamendi naturalak eta biodibertsitatearen galera. Elementu horiek guztiak eguneroko kezka bihurtu zaizkigun garaian, zein da gure lekua? Zein guk hartu beharreko jarrera?
Egoera horretan ginela sortu genuen Meaka-Irimo herri plataforma. Herritarrez osatua, parte-hartze irekia izan duena eta proiektuari buruzko ikuspuntu ezberdinak jaso dituena.
Ordutik hona, Antzuolako herriak, Meaka-Irimo plataformak lagunduta, elkartu, informazioa batu eta bere ikuspuntua plazaratu du; baita bizirik dagoen herria dela eta maite duena defendatzen duela erakutsi ere.
Trekutz Irimo proiektuaren aurkako jarrera azaldu dugu; besteak beste, herri-alegazioak prestatuz, 4.000 sinaduratik gora batuz eta egindako hitzaldi, mahai-inguru, jai eta elkarretaratzeetan jendetza bilduz.
Hala ere, bi urte pasa diren arren, ez dugu Trekutz Irimo proiektuaren egoeraren informaziorik jaso Eusko Jaurlaritzaren eskutik. Horrek, nola ez, kezka eta etsipena sortzen ditu. Baina, lagun artean Irimo inguruan buelta bat ematea besterik ez dugu behar indarrak berreskuratu eta lanean jarraitzeko.
Bizi dugun krisi anitzak aldaketa sakonak eskatzen ditu. Ez dugu hori zalantzan jartzen, baina ez ditugu gure natura-guneak betirako galtzen utziko, presaka eta informazioa eskuratzen datozen kanpoko enpresa pribatuen esku. Eseri eta hitz egin dezagun guretako eta gure ondorengoentzako nahi dugun etorkizunaz.
Maite duguna defendatzen eta ospatzen jarraituko dugu. Horregatik, besteak beste, gonbidatu nahi zaituztegu Trekutz Egunera. Datorren hilaren 13an izango da, larunbatarekin, eta egun horretarako prestatu dugun egitarauaz gozatzeko gonbidapena ere bada hau. Gainera, aurten, Urretxuko lagunekin batera antolatu dugu: bi herri, mendi bat.
Irimon eolikorik ez!
----------
Josebe Blanco
Meaka-Irimo herri-plataformaren izenean
Antzuola