Emakumeontzat ere mendiak bizirik eta aske

Erabiltzailearen aurpegia Gutunak 2025ko abu. 5a, 14:39

Igande honetan Komisolatzan kotxea utzi eta Irimora joan nintzen oinez.  Beheraka nentorrela, Trekutzeko Gaztelu Elkartea pasa eta atzeko bidezidorretik, gaztainondoen artetik, Antzuolako bidegurutzea dagoen inguruan, basoan, mutil bat zegoen. Zuhaitz batean erdi etzanda, postura arraroan. "Epa" esateko begiratu nion eta zentzurik gabeko zerbait esan zidan. "Barkatu?", galdetu nion eta berriro zentzurik gabeko zerbait. "Barkatu?", eta berriro zentzurik gabeko zerbait. "Barkatu?".

"Zer ordu da?", galdetu zidan. Nik motxilatik mugikorra atera eta 17:00ak puntuan zirela esan nion. 
Mugikorra motxilan sartu eta beheraka abiatzera nindoala, "lagunduko didazu?" galdetu zidan. Pentsatu nuen zerbait gertatu zitzaiola, laguntza behar zuela. Gerturatu ahala konturatu nintzen bere zakila aterata zeukala eta "laguntza" horretarako eskatzen ari zitzaidala...
 
Inuzente-inuzente harrapatu ninduen. Haizea hartzera bidali nuen eta beheraka abiatu nintzen, tarteka atzera begira, beldurrez. Ertzaintzara joan naiz eta esan didate halakoetan ezin dutela ezer egin. Argazkia beharko zutela. Niri momentu horretan alde egitea besterik ez zitzaidan okurritu.
 
Antzuolako, Urretxuko, Zumarragako, Azkoitiko edo Bergarako herritarrei, pasatu nahi nieke abisua, ez nuke nahi, ez niri ez beste inori, berriro halakorik gertatzerik.
 
Jarrera hauek errotik moztu behar direla iruditzen zait, jendarte ez oso osasuntsuaren sintomak direla eta denoi dagokigula neurriak hartzea.
 
Mendian lasai, eta hala nahi badugu bakarrik, gozatzeko dugun aukera mugatzen digute, emakume izate hutsagatik eta guk ere mendiez gozatu nahi dugu, lagunduta edo bakarrik, bizirik eta aske.
 

----------

Olatz Aranguren

Antzuola

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak