AHTa: askok nahi ez dugun eta Euskadi hondatzen ari den proiektua

Erabiltzailearen aurpegia Gutunak 2025ko uzt. 29a, 09:32

Hasteko, gogoratu nahi dut AHTaren proiektu faraonikoak aurten 31 urte bete dituela. 1994an Europako hego-ekialdeko abiadura trenbide ardatza deiturikoa diseinatzen hasi zirenean eta zirriborro batzuk izan zirenean, besterik ez. Garai hartan ez zuen hasteko datarik, eta gaur egun, 31 urte bete eta gero, ez dauka bukatzeko datarik. Lanak 2006an hasi ziren, Arabako Arratzua-Ubarrundia-Legutio ibilbidean lehen harria ipinita.

Entzun behar izan genuen lehenetariko eta handienetariko perla: Euskal Autonomia Erkidegoko Garraio sailburu zenean, 2005ean, lanak hasi baino lehenago, Alvaro Amanek esan zuen: "2010ean lanak bukatuta egongo dira, eta, horrela ez bada, herritarrek gorriak ikusiko dituztela". Hitz haiek igarle batek esan zuenera eraman ninduten, "azei eta kobari buruz" hitz egin zuenean.

Agian, lanik gabe zeuden %11ri buruz hitz egin zuen, edo RGI kobratzen duten milaka pertsonei buruz, edo prekarioan edo ezkutuko ekonomian lan egiten dutenei buruz. Hau da hau...

Bestalde, orain dela hilabete batzuk irakurri nuen berri bat gogoratu nahi nuke: Dragados SAk, Tecsak eta Amenabarrek konpentsazio ekonomikoa eskatu zuten, Adif enpresak –Garraio, Mugikortasun... Ministerioari atxikitako erakunde publikoa– hiru enpresa horiei jarduera aldi baterako gelditzeko eskatu zielako, eta helburu on batekin: sai zuriaren ugalketaren denboraldia babesteko; bide batez, txori horren egoera oso larria da, desagertzeko zorian dagoelako.

Lotsagarria iruditzen zait holako enpresek eta arrazoi horiengatik konpentsazio ekonomikoak eskatzea; euren eskubidea izan arren, azkenean ez dugu ahaztu behar euren lanarekin denon natura hondatzen dutela. Euskadiko ingurumen-hondamen handienaren protagonistak izaten ari dira, nahiz eta haiek –enpresa– ez duten munstro hori egitea erabakitzen, baina isurketa-kasu askoren erantzuleak dira: eremu babestu batzuen hondamendiak, lan-baldintza txarrak, ordutegi bortitzak, presioak... Ez dut ahaztu nahi hamabi langile –gutxienez– hil direla, eta enpresari horiek beraiek dira okultismoaren erantzuleak beren datuetan.

Horren harira, pertsona askok pentsatzen dute 30 urte hauetan eta proiektu honetan pertsona bat bakarrik hil dela, eta hori ez da egia; nik dakidanez, proiektu honetan hamahiru pertsona hil dira, baina zer gertatzen da? Hasteko, 2008ko abenduaren 3an, Ignacio Uria, bere lantegitik irten zenean, ETAk erail zuen. Bide batez, hilketa hura erailketa gisa izendatzen badut, langileen hilketak erailketa gisa izendatuko ditut. Hori guztia, zergatik? Nire ustez, lan-baldintzak izan zirelako langile haien heriotzaren zati baten kausa. Langile bat hiltzen denean, arrazoiak eta eragileak daude; beraz, hamabi langile haiek izen eta abizenak zituzten, familia, eta duintasunez lan egiteko eskubidea ere bai.

-2008ko uztailaren 14an, Florian Popa, 51 urteko errumaniarra, Lukun zanpatuta hil zen, zinbria bat gainera erorita.

-2010eko abuztuaren 11n, A.S.M., 49 urteko portugaldarra, Duranan elektrokutatuta hil zen.

-2010eko abenduaren 9an, M.V., 52 urteko ukrainarra, Eskoriatzan hil zen, leherketa batean.

-2011ko martxoaren 8an, kamioi-gidari bat hil zen Antzuolan, bihotz-gelditze batek jota. Ez daukat datu gehiagorik.

Kasu hura oso berezia izan zen; gehiengo sindikalak ETSri (Euskal Trenbide Sarea) eta zati hartako obraren arduradunei eta Garraio Departamentuari leporatu zien oztopoak jartzea, iluntasuna eta beste alde batera begiratzea eta, aldi berean, lan-istripuaren informaziorik ez ematea, ezta erailketarena ere. Beste behin ere, oso garbi geratu zen Eusko Jaurlaritzaren jarrera, obrak egitea sindikatuen betebeharren eta langileen eskubideen aurretik lehenetsiz, nahiz eta hilda egon, eta Lan Ikuskaritzarengandik sindikatuek obren instalazioetara sartzeko baimena eduki zuten arren.

-2011ko irailaren 6an, Tolosan, C.A.D., 46 urteko portugaldarra, hil zen, kamioia gidatzen ari zela sakan batetik erorita.

-2012ko uztailaren 11n, Arrasaten, Antonio Alvarez Rodriguez, 55 urtekoa, hil zen, tona askoko pieza bat gainera erorita; zamorarra zen.

-2013ko abuztuaren 26an, Bergaran, J.M.C., 44 urtekoa, hil zen, makina batean harrapatuta geratu eta hura erorita.

-2018ko irailaren 20an, Zornotzan, J.D.S., 46 urtekoa.

-2018ko urriaren 2an, Zizurkilen,  A.B., 30 urtekoa, hil zen, hormigoi-makina bat gainera erorita.

-2021eko uztailaren 21ean, Elorrion, 52 urteko bat hil zen, lan egiten ari zela, bihotz-gelditze batek jota.

-2022ko uztailaren 28an, Tafallan, 48 urteko portugaldar bat hil zen, aldamio batetik erorita.

-2025eko maiatzaren 27an, Atxondon, 49 urteko gizon bat hil zen, pieza bat gainera erorita, odol-jario larria izanda.

Datu horiek ikusi eta gero, oso deigarria da eraildakoen daturik eza. Ziur nago enpresak behartuta daudela ematera, baina ez dute egiten, norbaitek bizkarra estaltzen dielako? Ez dut pentsatu nahi ez dutela egiten gehienak emigranteak zirelako. 

Deigarria da burdin hesien barruan gertatzen denaren okultismoa; azpikontratazioak, lan-baldintzak, kasu askotan ez dago sindikaturik, hitzarmenak, proiektu hau ez da gardena... Esaten dudanaren beste adibide bat: 2013ko abuztutik 2018ko irailera arte ez da izan lan-istripu mortalik? Ez dut sinisten! Estresa, presioak, lanaldiak... Bestalde, erailen daturik ezak erakusten du Eusko Jaurlaritzaren interesik eza; azken bi kasuetan ez dago inizialik.

Bueno, orain erabat aldatuko dut gaia, edo beste ikuspuntu batetik aztertuko dut.

Abiadura handiko trenbide-sare gehien dituen munduko bigarren estatua Espainia da; Japoniak baino 900 kilometro gehiago, Frantziak baino 1.900 km gehiago eta Alemaniak baino 2.900 km gehiago, baina, nire iritziz, garrantzitsuena ez da zenbat kilometro dagoen, baizik eta nola egiten duten Frantzian, Alemanian edo Suitzan trenbide-sarea: nekazaritzako eta abeltzaintzako sindikatuen, udalen eta ekologisten iritziak kontuan hartzen dituzte; hemen, demokrazia honetan, proiektuak inposatu egiten dira eta ez da ezer gertatzen: Boroako zentral termikoa, Leitzako autobia, beste autobide batzuk eta abar.

Europak esan zigun Euskadin AHTa egitea ez zuela zentzurik, orografiagatik, hiriburuen arteko hurbiltasunagatik. Euskadin ez da abiadura handiko trenik behar; aspalditik, guk, ekologistok, esan genuen hobe zela euskal trenbide-sarea hobetzea eta zabaltze, eta ez gastatzea herri-dirua alferrikako megaproiektu batean. AHTaren ibilbidea: %60 tuneletatik doa, %30 aire zabalean eta %10 altuera handiko biaduktuetan; adibidez, Aramaiokoa eta ez da garaiena: 77 metro ditu.

Proiektu horren kostua modu samurrean azaltzeko, hauek dira kantitateak eta konparazioak: 

-AVE: Madril eta Bartzelona arteko proiektuak 620 kilometro dauzka, kilometro bakoitzak 14,5 milioi balio zuen; beraz, ibilbide osoak 8.990 milioi.

* AHTa: adi! Kontuan eduki behar dugu oraingoz ez dagoela bukatuta; horren ondorioz, aldaketak batzuk ager daitezke. EAJren proiektuak 175 kilometro dauzka; gaur egungo egoerarekin, kilometro bakoitzak 37 milioi balio dezake, eta, adituen arabera, proiektu osoak, 6.500.000 bat milioi.

Eta hori guztia, ez badira agertzen beste gainkostu batzuk, edo ibilbidean aldaketak ez badira egin behar, prezioak... 

EAJk dio munduko kudeatzailerik onena dela, autopropaganda egiten du, baina, nire ustez, proiektuen gardentasunik eza, proiektu zehatz honen zentzugabekeria, gizarte eztabaidarik eza... erabakitzeko ahalmena izatea ez da botere hori erabakitzeko adimena izatearen sinonimo.

Zergatik esaten dut AHTaren proiektua zentzugabekoa dela? Arrazoi batzuk esango ditut, ez guztiak, irakurleak ez aspertzeko.

Zoritxarrez, politikari batzuen artean badago filosofia bat, pormishuevismo, eta nik uste dut filosofia hori ez dela egokiena proiektuak egiteko, diru publikoa gastatzeko, gehienetan modurik erabilezinena delako; gainera, kasu horietan argudio faltsuak erabiltzen dira: jende eta eragile askorentzat alternatiba onena eta mahai gainean utzi genuena, herri-onurarako dela, lurralde osoa egituratuko lukeena, tren konbentzional bat, elitista ez dena, Euskal Herriko biztanleriarengan pentsatua, herritarrok protagonistagoak izateko, gugan pentsatua, eta ez Frantziarekiko eta Espainiarekiko lotura buruan eduki... Oso nabarmena da horrela izango balitz errepideetatik trafiko asko kenduko genukeela, horren ondorioz erregai fosil gutxiago erreko genukeela.

Nafarroarekin H-a; oraingoz, proiektu hori airean dago, bi aukera desberdin daudelako eta politikariek ez dutelako erabaki zein proiekturekin geratu. Proiektu bat da Iruñea-Gasteiz eta bestea Ezkio-Itsasotik; berez, Gasteizera joatea merkeagoa da, nahiz eta Eusko Jaurlaritzak 4 milioi euro gastatu zituen tren geltoki bat egitek. Lana bukatu baino lehenago –Eusko Jaurlaritzak–, Iparragirre Eraikuntzarekin zuen hitzarmena bukatutzat eman zuen, eta 100 milioi ordaindu behar izan zizkion; jakina, gure diruarekin. Eta ingurua zaintzea urtero 300.000 euro kostatzen zaigu. Tira, izugarrizko pagotxa enpresak dituzten lagunentzat. Egoera honek lehenago aipatu dudana –pormishuevismos– gogoratzen dit: zeintzuek egiten dituzten proiektu batzuk, eta zertarako egiten dituzten.

Euskal Herriko Unibertsitateko Ekonomi irakaslea David Hoyosek ikuspegi ekonomikotik  beste azalpen batzuk eman ditu, eta hauxe dio: "Proiektu horrek sortu zenetik porrot egin zuen, kostuen eta mozkinen artean kostuek irabazten dute; nik AHTa ez dut ikusten tren-zamari gisa,  nik ez dut ikusten AHTan garbigailuak bidaiatzen, eta, noizean behin, horrela izaten bada? Hainbeste diru publiko gastatu horretarako? Benga!".

Bestalde, jakin nahiko nuke zenbat den bidaia luzeen eskaera: %2, %3? Ez nuke esango negozio errentagarria denik.

Puntu hau bukatzeko, nik EAJri galdera ireki batzuk egin nahi dizkiot: proiektu honek galera ekonomikoak baditu, nork ordainduko ditu? Edo nondik aterako da dirua? Proiektu honen alde egin zuten gaitasunik gabekoengandik? Edo osasun edota hezkuntza publikoko aurrekontuetatik?

Beste kostu bat da ingurumen-kaltea; gainera, kalte hori zailagoa da neurtzen, nahiz eta, neurri batean, ikus daitekeen kaltea sortzen duela. Horretarako, ez dago jada eraikita dagoen ibilbidean buelta bat ematea bezalakorik; zaindu beharreko eremua, babesteko beharrekoa, hondatuta dago. Esaten badugu ibilbidearen %60 tuneletatik doala, esaten ari gara akuifero pila bat hondatuta daudela; Eusko Jaurlaritzak berak onartu zuen Gipuzkoan 30 akuifero desagertu direla. Oso nabaria izan zen Lezetxikin eta Udalatxen gertatu zena.

Bestalde, erabakitzen badute Iruñetik Gasteizera egitea–Euskal H-a–, 55 kilometro gehiago egongo dira tuneletan, Aralar mendilerroa zulatuko dutelako. Nafarroan gaudenez, aipatu nahi dut Adif enpresak baimena eman duela 122 hektarea desjabetzeko eta hamahiru zabortegi gehiago egiteko, AHTaren obretatik aterako dituzten lurra eta harriak hantxe uzteko. Datu gehiago dago, baina ez du merezi askorik estutzea. 

Proiektu horri lotuta, hiru egoera ikusten ditut: 

-Bata: milaka eta milaka herritarrek megaproiektu horren aurkako manifestazioak egitea. Ehunka atxiloturekin, milaka euro isunetan, herriko mugimendu bat kriminalizatua, eta errepresio polizial handia jasoz...

-Bi: Yolanda Barcinari eman zizkiotenean hiru tartakada, txarrena izan zen tartakadak eman zituztenei kartzela-zigorra ezarri zietela. Puntu honetan, galdera bat bota nahi nuke: demokrazia batean, kartzela-zigorra ezar daiteke tartakada batzuk emateagatik, Nafarroako presidentea izan arren?

-Hiru: Ertzaintzaren jarrera. Ertzaintzak AHTaren aurkako mugimendua talde terrorista gisa  hartu zuen, eta poliziek –herri batzuetako udaltzaingoak– gehiegizko indarkeria erabili zuten.

Poliziek biolentzia hori erabili zuten mugimendu bat zapaltzeko; gainera, AHTaren aurkako mugimenduak ez zuen indarkeriarik erabili. Beraz, zertarako hainbesteko biolentzia? Mugimendu horrek euskal eskuinak inposatutako megaproiektu honi dagokion guztia salatzen badu? 

Ozen esan behar dut: mugimendu horrek salatzen zuena zen inposatu egin zuten/duten  proiektu faraoniko bat zela/dela, inor kontuan hartu gabe: ez sindikaturik, ez lehen sektorerik, ez ekologistarik, ez udalik...

Zorionez, esaten dudanaren probak Interneten badaude, esaten dudana egia edo gezurra dela egiaztatzeko. Hala eta guztiz ere, biolentzia hori biolentzia polizial eta instituzional gisa izendatzen dut. Esaten dudanaren adibideak aipatu nahi ditut:

-2015eko abuztuan, Gasteizen, AHTaren proiektuaren aurkako bizikleta-martxa legal bat antolatuta zegoen, bi udaltzain motordunek manifestari batzuk harrapatu zituzten, beste udaltzain batzuek euren borra luzagarriekin beste manifestari batzuk kolpatu zituzten, udaltzainak ertzaintzaren hiru furgonetarekin babestuta zeuden, manifestari bat larrialdietara eraman behar izan zuten, esku bat apurtuta eta hematoma batzuekin, hainbeste kolpe jaso eta gero.

-Urbinan 2009ko urtarrilaren 17rako manifestazio legal bat antolatu zen; autobusak geldiarazi zituen Guardia Zibilak errepidean, eta bidaiariak identifikatu zituzten; ertzainek pilotekin eta borra-kolpeekin eraso egin zieten manifestariei. Jakina, Ertzaintzaren bertsioa kontrakoa izan zen, eta esan zuten manifestariek ertzainei harriekin eraso egin zietela.

El Mundo egunkaria ez da ezkertiarra; ba, horrek kontrakoa esan zuen 2009ko urtarrilaren 18an. Emaitza: zortzi atxilotu, zortzi manifestari osasun-zentroetara eramanak, ehunka zauritu eta kolpatu, pertsona bat ospitale batean geratu zen, beste pertsona bat errekara bota zuten, eta komunikabide batek –El Salto Hórdago– balorazio hau egin zuen: "... Urbina se convirtió en Gaza, los que reprimian eran ertzainas, los reprimidos no llevaban armas, sino pancartas. Atxilotuak Auzitegi Nazionalera eraman zituzten, ekintza terroristak egotzita, baina Santiago Pedraz epaileak berriro Gasteizera itzularazi zituen, desordena publikoak egitea egotzita, eta ez terrorismoa.

-2009an, Ertzaintzaren Herriaren Segurtasunerako Ataleko buru Gervasio Gabirondo Fernandezek AHTaren proiektuaren aurkako ekintzak terrorismo-ekintzatzat jotzeko agindu zuen, barne-zirkular batean, horiek indarkeriarik gabe egiten baziren ere.

-30 urte pasa eta gero, proiektuaren aldekoek bi estrategia erabiltzen dituzte:

Alde batetik, edozer gauzaren gainetik, proiektu horren defentsa sutsua egiten dute, proiektu horrek onura ekonomikoak ekarriko dituela esatea sinesgarria ez den arren.

Bestetik, AHTaren proiektuaren aurka gaudenok kriminalizatu egiten gaituzte.

Gogoratu nahi dut alderdi politikoen bulegoetan eta batzokietan proiektu faraoniko horren inposaketa sortu zutela, eta gaur egun, 30 urte pasa eta gero, jarraitzen dute inposaketa horrekin, eztabaida sozial baten aukerak ixten, baita gai horretaz eztabaidatzeko Legebiltzarreko ponentzia bat barne, pormishuevismos ildo politikoa erabiltzen. Ez du inporta Madrilen nor/nortzuk dauden, PP edo PSOE; horrek ez dauka garrantzirik.

2024ko irailean, 30 urte igaro eta gero, gure politikariek ez dakite non eta nola egin behar duten hegoaldeko AHTren H-a –Nafarroarekin lotura–. Bi aukera daude:

Bata, Ezkio-Itsasotik, Aralar mendia zulatuta; agian, gogoratu behar da ekologia eta fauna aldetik ez daukala baliorik.

Edo Iruñetik Gasteizera alternatiba. Sakana eskualdeko herrien gainetik igaroko da, eta berriro ironia erabiliko dut: gogoratu behar da zona horrek ez daukala garrantzirik?

Politikariek, batez ere, bi argudio erabiltzen dituzte zalantzak edukitzeko: bata da 500 milioi euro, Ezkio-Itsasokoa garestiago delako; bestea, ingurumena. Lotsagabekoak! Egin eta egiten dutenarekin, eta orain ingurumena inporta zaiela esaten digute? Baina hori zer da, zinismoa edota tontotzat hartzen gaituztela?

Guk, aldiz, jarraituko dugu esaten proiektu hori zentzurik gabekoa dela! AHTrik ez!

----------

Piter Encinas

Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak