Erreskatea mendian

Erabiltzailearen aurpegia Gutunak 2025ko uzt. 24a, 00:00

Ekainaren 19a, osteguna.

17 urteko ohiturari jarraituz, Jarindo mendira joan ginen bost mendizale. Autoa Bentafria jatetxearen ondoan aparkatu, eta ibilaldia hasi genuen. Ordu eta erdi geroago, Jarindon geunden. Jaisten hasi, zelaian labaindu eta lurrera erori nintzen. Orkatila bihurritu nuen. Lagunak ahalegindu ziren handik ateratzen, baina alferrik izan zen. 112 telefonora deitu, eta gure egoera azaldu genien.

11:00etan gertatu zen, eta 12:30ean Langraitzeko lau suhiltzaile heldu ziren. Ferula bat jarri zidaten, eta mendiko auto batean beherantz eraman ninduten. 13:00etan heldu ginen Albinako urtegiaren zentralera, eta anbulantzia zain zegoen, bi erizainekin eta txoferrarekin. 13:45ean sartu ginen Txagorritxu ospitaleko Larrialdietako Zerbitzura. Gure txanda iritsi zenean, erradiografia bat egin zidaten: peronea apurtuta nuen. Geroago, beste plaka bat egin zidaten, hobeto aztertzeko, baina ez zuten gehiago ikusi. Azkenean, igeltsua ipini zidaten, eta beste plaka egin ere bai. Dena ondo zegoela ikusita, etxera bidali ninduten. 21:00etan heldu ginen etxera.

Gaur egun, aulki gurpildunean ibiltzen naiz Aretxabaletan. Beste bi azterketa egin dizkidate Arrasateko ospitalean, eta bilakaera ona da. Abuztuan igeltsu gabe egongo naizela esan didate; beraz, andramaixetan dantza pare bat egiteko moduan egongo naiz.

Amaitzeko, gure eskerrik beroenak 112ko langile guztiei, Langraitzeko suhiltzaileei, anbulantziako erizainei eta txoferrari. Eta, nola ez, Txagorritxuko jende guztiari –Julio Cesar Sandoval medikuari, bereziki–. Baita Arrasateko ospitaleko jendeari ere. Gure eskerra eta agurra.

----------

Consuelo Zubizarreta Etxabe

Aretxabaleta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak