Herri Ekimen Legegilearen (HEL) aldeko ekimena oso arrakastatsua izan da. 145.142 sinadura jaso ditugu. Sinadura horiei maiatzaren 15ean EAEko Legebiltzarrean eman genien sarrera.
Sinadura kopuru hori aurrekaririk gabeko mobilizazio soziala izan da. Mobilizazio hori posible izan da plazetan herriz herriz ari den EHPMko lanari esker. Eta herri-ekimena sinatu duten guztiei zorionak emateko aprobetxatu nahi dugu, eurak baitira garaipen horren protagonista nagusiak.
Orain instituzioen unea dela gogoratu nahi dugu. Izan ere, egindako eskaria egingarria da. Borondate politikoa bakarrik behar da. Gure ustez, orain ikusiko da Gobernuan dauden alderdiek gutxieneko pentsioak duintzeko duten benetako borondatea zein den.
Bitartean, HEL izapidetzeko, eztabaidatzeko eta bozkatzeko jarraitu behar dugu lanean.
Eusko Jaurlaritza osatzen duten bi alderdiei –EAJ eta PSE– Herri Ekimen Legegilea aintzat hartzeko eskatu zitzaien. Horretaz gain, Pradales lehendakariari eta Torres lehendakariordeari eskutitz bana bidali zaie, HELren funtsezko arrazoiak zeintzuk diren azaltzeko eta Eusko Legebiltzarrean eztabaidatu eta bozkatu ahal izatea onar dezaten.
Euskal gizarteak argi adierazi du gizarte justuago eta bidezkoagoa eraikitzeko nahia. Orain, Eusko Legebiltzarraren esku dago genero-ekitatean eta aberastasun banaketa bidezkoagoan oinarritutako gizartean pausoak ematea.
Bide batez, hurrengo elkarretaratzea ekainaren 16an izango da; oporrak hartu aurreko azkena.
----------
Itziar Usandizaga
Bergarako Pentsiodunen Batzordea
Bergara