Valogreene: kudeaketa okerrak herri oso bat baldintzatzen duenean

Erabiltzailearen aurpegia Gutunak

Bergarako Erramu Zapatuaren bezperan, Donostiako Administrazioarekiko Auzietako 1. Epaitegiak emandako 73/2025 zenbakiko epaia ezagutu genuen.

Epaiak Bergarako Udalak 2022an eta 2023an emandako alkate-dekretu batzuk bertan behera uzten ditu. Sententzia horrek errealitate kezkagarri bat uzten du agerian: erakundeen kudeaketa txarrak ondorio juridiko, ekonomiko eta sozial oso larriak izan ditzake. Eta okerragoa dena: gure udalaren sinesgarritasun juridikoa eta garapen ekonomikoa kolokan jar ditzake.

Oraindik irmoa ez dela ahaztu gabe –izan ere, EH Bilduren udal gobernuak errekurritu egin du–, epaia ezin argiagoa da: industria-planta baten hirigintza-bateragarritasuna ezeztatzen zuten 2022ko eta 2023ko Alkatetza Dekretuak arbitrarioak, alderraiak eta juridikoki eutsiezinak izan ziren. Laburbilduz, justifikaziorik gabe eragotzi da industria-jarduera bat ezartzea, udal-arkitektoak –hasiera batean– eta Eusko Jaurlaritzak berak bermatutako jarduera, zeinak ingurumen-baimen integratua (IBI) eman baitzuen prozesu tekniko zorrotz baten ondoren.

EH Bilduren gobernuaren kudeaketa okerrak segurtasun juridikorik ezaren irudia helarazi du, etorkizuneko inbertsioak uxatu ditzakeena. Gainera, konfrontazio eta desinformazio espiral bat elikatu du, komunitatea eraiki beharrean, zatitu egiten gaituena.

Udalak interes orokorraren bermea izan behar du, ez oztopo. Dekretuekin eta txosten teknikoekin haize politikoaren arabera jolasten denean, arazoak teknikoa izateari uzten dio, eta erabat politiko bihurtzen da. Eta, kasu honetan, politika mota okerrenaren adibide baten aurrean gaude: behar bezala jokatzen duten pertsonak jomugan jartzen dituena.

Tarteki bat egiten dut zehazteko Amaia Barredo Martin orduko Ingurumen sailburuordeak eta Javier Agirre Orcajo saileko zuzendariak jasan zituzten eraso eta seinalamenduei buruz ari naizela. Bere kontrako salaketak artxibatzeak zuzenbidearen arabera jokatu zutela berresten du. Inoiz ez ziren aitzakiatzat erabili behar udal gobernuko taldearen arbitrariotasunak eta ikusmenik ezak eragindako gatazka batean; hots, funtsik gabeko alarma soziala sortzera bideratutako gatazka bat zen, kutsu elektoralista zuena.

EAJk beti defendatu ditu legezkotasuna, segurtasun juridikoa eta erakundeen arteko lankidetza, gure herriaren garapenerako oinarrizko zutabe gisa. Horregatik, erantzukizuna eta autokritika eskatzen dugu. Izan ere, hau ez da gai txiki bat, ezta enpresa batek udal baten aurka duen garaipen judizial bat ere: nola gobernatu behar ez den isla da. Herritarrek gardentasuna, kaudimena eta ikuspegia merezi dute. Eta epai horrek, zoritxarrez, islatzen du udal-gobernuaren jarduna guztiz kontrakoa izan dela.

Jarduera ekonomikoa eta lanpostu industrialak galtzea eta teorian partekatutako jasangarritasunaren eta ekonomia zirkularraren helburuen aurka joatea kezkagarriak dira. Baina benetan larria polarizaziora, manipulaziora eta arbitrariotasunera jotzea da, kosta ahala kosta boterean mantentzeko. Onartezina da, helburu horrekin, justifikaziorik gabeko beldurrak sustatzea, beste euskal erakunde batzuekiko mesfidantza bultzatzea eta bidegabeki epaitegien mende dauden familien sufrimenduari errentagarritasun politikoa atera nahi izatea.

Bada garaia Bergara erdigunean jartzeko, aurreiritzi ideologikoen edo interes alderdikoien gainetik. Eta hori hasten da akatsak onartzen, erantzukizunak hartzen eta guztiontzako etorkizun sendo eta itxaropentsuago baten alde lan egiten.

----------

Marijo Etxegoien Arzuaga

EAJ-PNVko Debagoienako ordezkaria

Debagoiena

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak