Herrigunean kotxerik ez ibiltzeko ordutegiak jarri ziren orain dela urte dezente, baina batzuek ez dute errespetatzen.
Bakoitzak nahi duena egiteko eskubidea duen gizarte honetan, ez dugu ikusten ondokoari egiten diogun kaltea. Kafe bat hartzeko autoa espaloi gainean jarri eta gainontzekoei traba egiteko eskubidea al dugu? 20 metro oinez ez egitearren oinezko pasabide gainean aparkatzeko eskubidea al dugu, nahiz eta aulki gurpildunean doanak ezin pasatu ahal izan? Eguzki auzoan aparkaleku libreak egon arren, gimnasioko atean espaloi gainean aparkatzeko eskubidea al dugu, nahiz eta goiko eskaileretatik behera datorrenak kotxea saihesteko bidera irten beharra izan? Moztuta dagoen bide bat zeharkatzeko eskubidea al dugu kotxez espaloi gainera igota?
Ba, ematen du Antzuolan baietz. Norberak eskubide guztiak dituela uste dute batzuek, ondokoarenak urratuz. Hori bai, gure herrian arauak errespetatzen ez dituzten horiek herri handiagoetan zintzo asko betetzen dituzte hangoak. Zergatik ote?
Antzuolan distantziak ez dira handiak; har ditzagun ohitura onak, aparkalekuetan kotxea utzi eta paseatu gaitezen herrian lasai.
Leku ederrean bizi gara, herri polita daukagu, ondokoa errespetatu eta herri hobea egiten saiatu gaitezen.
Denontzat onuragarria izango da.
----------
Olatz Lezeta Urzelai
Antzuolako alkatea
Antzuola