Izan daiteke palestinar herriak zuzenki eskatutakoak edota mundu mailan, arrazoi desberdinengatik, BDS mugimenduek erabakitako produktu edota enpresak. Hori guztia esplikatzea da gure nahia, eta zergatik erabaki dugun gure herrian produktu horien aurka jotzea.
Mundu osoan jendea haserre gaude, hunkituta, eta, batzuetan, indargabe sentitzen gara. Jende askok beharrezko ikusten dugu Israelekin loturak amaitzea, eta horregatik sortu ditugu boikot-zerrenda zabalak. Baina nola egin eraginkor boikot kanpaina horiek? Boikot selektiboen kanpainarekin.
Estrategikoki, eragin handiena lortzeko, produktu konkretu batzuk hautatu behar dira. Horiek aukeratzeko orduan, lau puntu hartu behar dira kontuan: konplizitate maila, mugimendura jendea batzeko aukera, oihartzun mediatikoa eta garaipenerako aukerak.
Hori jakinik, BDZ mugimenduak lehentasun handiena duten helburuak zehaztu ditu. Herriaren arabera eta errealitatearen arabera, bat edo beste aukeratzen da. Helburu horiek ere lau puntu nagusitan banatuta daude:
1-Kontsumitzaileentzako boikot helburuak: kontu handiz hautatutako markak dira, konpainiek edota produktuek Israelgo apartheidean duten konplizitate historiala egiaztatuta. Hor sartzen dira Carrefour, AXA, Puma, HP... baita jatorri eta ekoizpen israeldarra duten produktuak ere. Azken horiek dira guk aukeratutakoak.
2-Desinbertsio helburuak: gobernuei, erakundeei eta inbertsio-funtsei zuzendutako kanpainak. Hor, CAF, CAT, Volvo... dira helburu. EHn, CAF, Ikerlan, UPV/EHU, Mondragon Unibertsitatea...
3-Presioa helburu –ez boikota–: arrazoi estrategikoengatik ez da eskatu boikot zuzena. Hor sartzen dira Google, Amazon, Disney, Airbnb...
4-Boikot organikoaren helburuak: BDZ mugimenduak ez ditu boikot kanpaina horiek abiarazi, ez dira palestinar herriak eskatutakoak, baina bai herritarren iniziatibaz sortutakoak. Garbi ikusten baita parte zuzena dutela genozidioan. Beste borroka mota bat eskatzen du horrek. Hor daude Burger King, McDonalds...
Guk erabaki bat hartu genuen, estrategia eta helburuak zeintzuk diren jakinik. Palestinarrek zuzenean eskatutakoa aintzat hartu dugu. Jatorri eta ekoizpen israeldarra duten produktuak dira aukeratutakoak.
Amaitzeko, argi utzi nahi dugu ez dela langileen aurkako borroka bat, ezta komertzioen aurkakoa ere. Eskatzen dugun gauza bakarra da palestinar genozidioa eta inguruko beste herrialde batzuetara hedatu den gatazka ez finantzatzea, eta, horretarako, produktuak kentzeko eskaera egiten dugu.
----------
Igor Urizar Murgoitio
Arrasateko BDZren izenean
Arrasate