Kontua da nerabe garai haietan ohartu nintzela hizkuntza minorizatu batek aurrera egiteko aldeko behar lituzkeen neurriak, helduen bizitzan, ez zituela alde; are gehiago, etsaitasun handia zegoela.
Urteak pasa dira eta, gaur ere, euskararen aurkako sententzia judizialak jasotzen jarraitzen dugu. Aldi berean, ordea, euskaldunok euskara inposatu nahi dugula entzun behar dugu, esaten digute euskararen normalizazioaren aldeko politikak urrunegi joan direla, euskaldunak ondo bizi garela eta, mesedez, gure "arazotxoekin" buruko min gehiegi ez emateko, gizartea benetan arduratzen duten gauzak konpontzen ari omen dira. Bertako hizkuntza eta kultura indartzea lehen mailako beharrizana dela sinetsita dagoen pertsona arraro bat ote naiz?
Munduak hartu duen abiadura itzelak eta globalizazio basatiak herri zein hizkuntza txikiak desagerrarazi ditzakeela ikusi dugu. Etengabeko (des)informazioaren garaian gaztelania, frantsesa edo ingelesa moduko hizkuntza erraldoiak etxeko sukalderaino sartzen zaizkigu pantailen, kantuen, komunikabideen… bitartez. Herri txikien despopulazioa, hiriguneen mesedetan, ez da euskararen aldeko faktore. Arnasguneak, jadanik, ez dira lehen besteko arnasgune. Indibidualizaziorako joera ere mehatxu bat da gu bezalako giza talde txikiontzat. Aurkako indar horien aurrean, ordea, ezin dugu isilik geratu eta alternatiba eraiki behar dugu.
Euskararen egungo egoeraren gainean diagnosi bateratu bat ari da gailentzen: larrialdi egoeran gaude. Pertsona baikorra naizen neurrian, egoera horri ez diot desesperaziotik begiratu nahi; alderantziz, egoera ezegonkor hau aldatzeko beharraren eta indarrak batzearen garrantzian jarri nahi dut azpimarra. Euskal Herriak historian zehar izan dituen garai gogorretan aurrera egiten asmatu badu, orain ere asmatuko du(gu), ezta?
Txikiak gara, eta batzuek are txikiago egin nahi bagaituzte ere, argi izan behar dugu: txikiak gara, baina duinak; txikiak gara, baina etorkizunari aurre egiteko modukoak; txikiak gara, baina mundua gure begiradatik eta izateko modutik aberasteko adinakoak; txikiak gara eta, inor baino gehiago izateko nahirik gabe, norbait izan nahi dugu; Txikik zioen modura, "askatasun haizea" gara eta herri aske bat dugu helburu, handik eta hemendik etorritako euskal herritarrekin, euskaratik eta euskaraz eraikiko duguna. Txikitasunetik handitasunera jauzi egiteko unea da!
Hori guztia lortzeko eremu ezberdinetatik tira behar dugu, alor guztietan indar egin; horretan, kaleak berebiziko garrantzia du. Plaza publikoan eragin eta kaleak berriz irabazi behar ditugu: kalean euskaraz jardun, kaleak euskaraz apaindu eta, nola ez, aldarriak kalera ozen atera. Horretarako aukera paregabea izango dugu abenduaren 7an, Durangon; hain justu, euskal kulturaren urteroko zita esanguratsuenetarikoa den azokaren testuinguruan, Euskal Herrian Euskarazek deituta, 18:00etan, Landako gunetik hasiko den manifestazioan.
Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika behar baitugu!
----------
Ibon Leibar Belastegi
Euskal Herrian Euskarazeko kidea