Meaka-Irimo herri plataformaren urtebetea

Erabiltzailearen aurpegia Gutunak 2024ko aza. 11a, 14:11

Batzuetan, mehatxua behar izaten dugu arriskuan dagoenaren garrantziaz jabetzeko. Eta mehatxu horren tamainaren araberakoa izaten da balizko erasoari erantzuteko barruan sentitzen dugun indarra. Konturatu orduko, zeure burua ikusten duzu lanean, buru-belarri, galtzeko arriskuan dagoen hori babesteko, jakinda, hura babestu ezean, zeu ere galduta zaudela. Antzuolan berrehun metroko bi aerosorgailu behar izan ditugu Meaka eta Irimo mendien defentsan aktibatzeko.

Urtebete pasa da Antzuolako Udalak herritarrak bilera informatibo batera deitu zuenetik –2023ko azaroaren 7an–. Bertan, udal-ordezkariek azaldu zuten CILDA Energy enpresako –Capital Energy taldekoa– ordezkariak izan berri zirela, udaletxean eta han jasotakoen berri eman ziguten Torresoroan bildu ginenoi.

Bilera hura bukatutakoan, herritar talde batek erabaki zuen elkartzea eta Meaka eta Irimo babestearen alde lan egitea. Horrela ekin zion Meaka-Irimo herri-plataformak ultra-maratoi honi. Ultra-maratoi diogu, jakin badakigulako oso epe luzeko borroka dela gurea eta une gogorrak ere etorriko direla.

Horretaz lehen hilabete haietan jabetu ginen, hasi eta berehala. Aitziber Sarobe eta Alvaro Camposek emandako hitzaldiekin argi ikusi genuen asko genuela ikasteko, gertatzen ari zenaren dimentsioaz jabetzeko. Aldi berean, konturatu ginen aurrean genuen erraldoia ez zela nolanahikoa eta baliabide guztiak zituela eskura, ez guk bezala: dirua, denbora eta erabakiguneen eta negozioaren funtzionamenduen ezagutza.

Eskerrak hasiera hartan Udalak lagundu zigun, eta ahal zuen neurrian, babestu zituen lehen urrats haiek: hitzaldiak, informazio-panelak, komunikazioa, bilera-gelak...

Orain artean egindako bidean, mugarri indartsua izan zen enpresak Eusko Jaurlaritzan aurkeztutako proiektuari alegazio epea. Hilabete intentsuak izan ziren: ez genekien nola egin alegazio-agiri bat, zer suposatzen zuen... Eta askoren laguntzarekin hori ere egin genuen. Gero zuek azaldu zineten, mahaia jarri genuen egun haietan sinatzera gerturatuko zineten herrikideak, eta kanpotik etorri ziren sinadurak, horietako asko modu digitalean. Orotara, 4.000 baino gehiago.

Hau idazteko unean, oraindik ere, ez dugu Eusko Jaurlaritzaren erantzunik; beraz, ofizialki ez dakigu zein izango den Meakaren eta Irimoren etorkizuna. Komunikabideetan azaldutako informazioaren arabera, ordea, jakin izan dugu enpresak urte bukaera arteko epea hartu duela Trekutz deitu duen proiektu horrekin zer egin erabakitzeko, jakiteko proiektua "bideragarria den ala ez".

Ezin ukatu berriak harritu egin gintuela. Nola abiatu inbertsio handiak egitera –egin beharreko lanak eta txostenak, hilabeteetako soldatak eta gainontzeko baliabide guztiak– jakin gabe proiektua bideragarria dela jakin gabe?

Akaso Capital Energy abiatzearekin batera hasi zen irabaziak jasotzen? Ezaguna baita enpresek inbertsio iragarpenak egiten dituztenean, euren kotizazioak –eta beraz, irabaziak– igo egiten direla. Are gehiago, horren berri ematen dutenean Next Generation funtsak azaltzen badira. Diru publikoa beti baita erakargarria, eta burbuila elikatzeko ezin hobea. Burbuila lehertu arte. Adituen iritziz, ez da asko gelditzen; diru-publikoaren ekarpenak urritzen diren heinean, burbuila lehertzeko arriskua areagotzen dela.

Espekulazioak espekulazio, Meaka-Irimo herri-plataforman lanean jarraitzeko asmoa dugu. Asmoa bakarrik ez, indarra ere bai. Denbora ez baita alferrik pasatzen, eta talde honek, egindako bidean, aukerak sortu ditu energiaren ertzeetan arakatzeko, eta jasotako ezagutzan, zalantza berriak azaltzearekin batera, indarra ere aurkitu dugu. Lehen hilabete haietan senari entzundakoa berretsi egin dute Antzuolara etorritako hizlariek eta eskuartean izan ditugun idatziek.

Orain benetan bizi dugu mundua ez dela hemen hasi eta bukatzen. Izan ere, gure mendi horietan egin nahi duten txikizioak lotura zuzena du munduaren beste puntan gertatzen diren bortizkeria mota askorekin. Ikasi dugu beste herrialdeetako landa-eremuko biztanleek bizi duten zapalkuntzaren iturria dela hemen bukatzen den mineral eta lur arraroen ibilbidea; baita biodibertsitate eta bizitza galerak berdez margotuta ere, ez direla berreskuratuko. Jabetu gara, azken finean, planetak eta bizitzak berak mugak dituztela onartzea besterik ez dugula, ekodependenteak eta interdependenteak garelako. Hau da, mundua geure zilborrean ez dela hasten eta bukatzen onartu beharko dugula, berandu baino lehen.

Hori horrela bada ere, ahal dugun neurrian, jarraituko dugu saiatzen Antzuolara ekarpen interesgarriak ekarriko dituzten pertsonak gonbidatzen datozen hilabeteotan. Ahaztu gabe mehatxu honek kalean ere izan behar duen presentzia, noski.

Esan dezakegu 2023ko azaroaren 7an Meaka-Irimo herri-plataforma osatzea erabaki genuen pertsonak aldatu egin garela; urtebetean ikasitakoek eta desikasitakoek orduko pertsona multzoa lan-talde bilakatu dutela, eta hori berri ona, oso ona dela.

Nahiko genuke taldea handitzea, horrek aberastasuna ekarriko lukeelako, taldera eta herrira. Nahiko genuke mugimendu bizi eta anitza herrian, Meaka eta Irimo mendien bueltan, jakinda behar dugula asmatu munduan egoteko beste modu bat eta gure gorputz txiki eta hauskor hauen neurrira itzuli, hori baita planetaren muga. Eta, bai, posible dela sinetsi behar dugu.

----------

Josebe Blanco eta Arkaitz Kortabarria

Meaka-Irimo herri-plataformaren izenean

Antzuola

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak