Bergarako Hiri Antolamenduko Plan Orokorra eta Eusko Jaurlaritza ez errespetatuz hasi zuten ibilbidea, eta beraien jarduera karga mineralak ekologikoki ekoizteko zela esanaz, ondoren beste bi jarduera desberdin adierazi bazituzten ere.
Proiektuan ikusi genituen gabezia eta faltsukerien aurrean, Larramendiko Arnasa taldeak, Bergarako Udalak, herritarrek eta Ekologistak Martxan-ek hainbat alegazio aurkeztu genizkion proiektuari, eta proiektua bera salatu egin genuen.
Bergarako erraustegiaren proiektuaren balizko irregulartasunak magistratu baten esku egon dira urtebete baino gehiagoz, ikertzeko. Magistratua, gaur egun, ez dago Gasteizeko Epaitegian, lekuz aldatu dutelako.
Bestalde, Euskal Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren egoera, artxibatutako kasuena edota kondenena, irrigarriena da. Handik igarotzen diren kasuek horrela ikusarazten dizkigute, eragingabetasun hutsa dagoela erakutsita.
Ekologistak Martxan erakundeak jarritako salaketa bat berrikustean, Eusko Jaurlaritzako goi-kargudunek ustezko prebarikazio delitu bat egin izanaren zantzuak aurkitu zituen Fiskaltzak –prebarikazioa da kargu publikodun batek ebazpen bat ematen duenean, bidegabea edota irregularra dela jakinda–. Horregatik guztiagatik, Fiskaltza Amaia Barredo eta Javier Aguirre Orcajo (EAJ) ikertzen ari da.
Amaitzeko, ez gara futurologoak: urtebete baino gehiago igaro ondoren eta dagoen utzikeria ikusita, litekeena da kasu hori, azkenean, preskribatutzat jotzea, Epaitegi horren eraginkortasunik ezaren ondorioz.
Hala ere, proiektu horren aurka jarraituko dugu, zentzugabeko proiektua delako eta herritarren osasunak garrantzi handiagoa daukalako lantegietako zaborrak baino.
----------
Aitor Aldazabal eta Piter Encinas
Larramendiko Arnasa
Arrasate