Kanpoko igerilekua inguratzen duen belar artean jendeak edonon uzten du zaborra lurrean botata; eta eguna amaitutakoan, besteek jaso ez dutena salmenta-postuan lan egiten dutenek jaso behar izaten dute.
Kiroldegiko arduradunei errealitate hori ezagutarazteko, harreran zegoen langileari egoeraren berri eman nion, eta haren axolagabekeriak eta lankideekiko errespetu faltak harritu egin ninduten. Haren esanetan, igerilekuko erabiltzaileek zaborrontziak erabiltzen ez badituzte, jendeak lurrean botata utzi duen zikinkeria hori guztia jasotzea salmenta-postuko langileen lana da.
Egoera hori igerilekuan aurreko urteetan ikusi ez dudan arren, ez zait zerbait puntuala iruditzen, Arrasate zaborrez beteta baitago. Arazo horren irtenbidea ez da, Udalekoek egiten duten moduan, garbitzaile gehiago kontratatzea. Horrela, errealitatea ezkutatu besterik ez dute egiten; gainera, horrelako jarrera itsusiak onartuz, errespetu falta sustatzen dute; ingurunearekiko eta besteekiko.
Garbitzaileak ez dira gure morroiak, beraien lana ez da guk lurrera botatakoa jasotzea; herritarrok arduratu behar dugu norberaren hondakinak dagokion edukinontzian uzteaz.
Gure garaian, behintzat, horrela irakatsi ziguten txiki-txikitatik: zaborra zaborrontzian utzi behar zela.
----------
Yolanda Jimenez Sudupe
Arrasate