Nire aitortza jaiak aurrera eramaten parte hartu duten eragile guztiei; izugarria izan da egindako lana eta nabarmena egondako emaitza. Eskerrik asko!
Zoritxarrezko zenbait pasarte izan ditugu: bata, Biteriko etxe batean piztutako sua; bestea, San Juan egunean goizean goiz hilda agertutako gizona. Pena handia da urteko edozein egunetan horrelakoak pasatzea, baina jai giroan murgilduta gaudenean gogorra egiten da horrelakoak bizitzea. Nire izenean eta ordezkatzen dudan alderdiaren izenean, doluminak senideei eta lagunei.
Nire aldetik, jai lasaiak, alaba, senide eta lagunekin. Eguraldiak hasieran ere kale egin digu, baina ondoren hobetzen joan da, eta eskertzekoa da hori.
Herrian, dena den, etengabeko gai bat egon da, eta ni ere horrekin harrituta nago. Uste dut ekainaren 20an hasi nintzela han eta hemen pankartak eta pankartak ikusten. Ondo ikusten dut, bai, aldarrikapena, baina ez horrela. Herria goitik behera izan dugu pankartaz josita, eta ez aldarrikapenerako guneetan; zerbaitetarako daude horiek, ezta?
Hori gutxi balitz, ezin dugu ahaztu Arrasaten sentsibilitate ezberdinetako pertsonak gaudela, eta, agian, jaiak jai izan beharrean norbait minduta azaldu daiteke eta jaiak gazitzen zaizkio gure aldarrikapenagatik.
Adierazpen askeko guneak baditugu Arrasaten, eta gero eta gutxiago erabiltzen dira. Gaur egun, han eta hemen jartzen ditugu nahi ditugun kartelak, pegatinak, pankartak… Horrela eramango dugu bizikidetza egokia aurrera? Ez al gara berriz antzinako egunetara itzuliko, ezta? Askok ez dituzue ez antzinako jaiak gogoratuko, baina nagusiagoak garenok bai, eta aurten, zoritxarrez, lehengo urteak berriz bueltan daudela iruditu zait niri, behintzat.
----------
Agurne Juldain
Arrasateko EAJ-PNVko lehendakaria
Arrasate