Ilusioa, ilusio denean

Erabiltzailearen aurpegia Gutunak 2024ko uzt. 6a, 00:00

Ekainaren 20an, EAEko Legebiltzarrean lehendakarigaien programen aurkezpena eta lehendakari aukeraketarako ekitaldia izan genuen goiz eta arratsaldez.

Irratiz eta telebistaz saioa jarraitzen aritu nintzen, zerbaiten zain banengo bezala. Orain badakit zeren zain nengoen: ilusio apur bat sentitzeko beharra sumatzen nuen, nonbait! Hitz aspertu luzeak, hitz hutsak milaka, hitz eta bits… Askatasuna, demokrazia, ingurumena eta auzolana moduko hitzen prostituzioa, erdi egietan ezkutatutako gezur antolatuak, gorren arteko monologoak, gutarrek egindakoaren autokonplazentzia… Eta enpatia? Zer da hori? Gobernu berriak herritarrei eskaini beharreko ilusioaz eta konfiantzaz ez nuen nik, behintzat, zipitzik ere aurkitu. Nire ustez, pertsonen eta herrien motorra ilusioa da, eta, tamalez, ez nintzen horretaz elikatu saio motel eta totel hartan. Ezin dut esan, zoritxarrez, oposizioan izango direnen hitzetan ere oso aipamen ilusionagarriak aurkitu nituenik.

Iluntzean, kartzela zaharra gainezka zela, Maialen Lujanbiok performance gisako saioa eskaini zuen. Saio laburra, baina trinkoa, hausnarketa kritiko sakona hitzekin trebea denak zehatz adierazitakoa, haren eta herritarren kezken laburpen ederra, galdera deserosoen zakukada, herri baten oihu-garrasia, geure kontraesanen agerikoa, emakumearen axalekoa ez den egoera mingotsa, herritarren egonezina eta, batez ere, inpotentzia, inpotentzia, inpotentzia...

Orduan ulertu nuen nik goizean sentitutakoa; sei ordu luzeko saioan ez nuen aurkitu Maialenek arratsaldean aipatuko zituen jatorri desberdinetako minentzat ukendurik. Zorionez, asko izan ginen kartzela zaharrean Maialenen saioa izugarrizko luzera eta benetakotasuna izan zuen txalo zaparradarekin agurtu genuenok. Eskerrik asko, Maialen; bejondeizula! Agintari berrioi ere onena opa dizuet.

----------

Iñaki Artola

Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak