Lortu dugu Arrasateko Douglasetik Alma-k-ren lineala kentzea. Lortu dugu! Gure herrian lehen pausoa ematea eta berriro ere jendearen ahotan boikot hitza ipintzea! Lortu dugu herriko palestinar komunitateari irribarre bat ateratzea! Baina ez gara hemen geratuko; borrokan jarraituko dugu palestinar herriak eskatu zigun kanpaina bultzatzen, boikota, desinbertsioa eta zigorrak aldarrikatzen.
BDZ –BDS ingelesez eta gazteleraz– Mugimendua 2005ean Palestinan sortu zen deialdia da; bertan, 1948an Israelgo estatua sortu zenetik hona Palestinaren egoera etengabe txarrera joan dela ikusita –palestinar lurraren murrizketa etengabea, Israelen bizi diren palestinarren gaineko apartheida, Gaza eta Zisjordaniaren okupazio kolonial-militarra, funtsezko bizi baliabideen erauzketa eta lapurreta...– eta honen aurrean nazioarteko komunitatea deritzonak erakusten duen Israelekiko konplizitatea aintzat hartuta, munduko herrietako gizarte zibilari egindako eskaera da: Israelgo estatuari boikota, desinbertsioa eta zigorren kanpaina bat egitea. Borroka estrategia hau aukeratzea ez da ausazko erabakia, Hegoafrikan apartheidari amaiera emateko borrokan ezinbestekoa izan baitzen. Kanpaina hau palestinar gizarte zibileko 200 baino gehiago elkartek, GKE-k eta gizarte taldek babesten dute, bai eta palestinar kulturgile, kirolari eta profesional askok ere.
BDZ kanpaina internazionalak finkatutako hiru helburu nagusiak hauek dira: Israelek Palestinaren okupazio eta kolonizazioa amaitzea, Israelgo estatuan bizi diren arabiar-palestinarrei gainerako herritarren eskubide berak onartzea, eta errefuxiatu palestinarrek sorterrira itzultzeko duten eskubidea errespetatzea.
Garaipen bat lortu berri honetan eta herriari zabaltzeko asmoz, bilera zabal bat egiteko deialdia zabaltzen dugu.
Palestinarekin sentsibilizazioa duen oro gonbidatzen dugu uztailaren 3an, 18:30ean, Kulturateko Jokin Zaitegin egingo den bilera irekira.
----------
Igor Urizar Murgoitio
Arrasate