Negozioa eten, alokairu publiko eta soziala orain!

Erabiltzailearen aurpegia Gutunak 2024ko uzt. 5a, 00:00

Nork ez du bizi etxebizitza problematika bere azalean?

Alokairuen prezioa etengabe igotzen ari da, eta gure herrian bizitzea gero eta zailagoa zaigu. Hipoteka aldakorra sinatuta, kuotak bikoiztu egin dizkigute, eta finkoa genuenok ere urte luzeak eman behar ditugu oraindik banketxeari eta zorrari lotuta. Etxebizitza publikoaren itxarote-zerrenda luzeegia da, eta eskaintza murritzegia. Pentsioaren zatirik handiena etxebizitza gastuetara bideratzen dugun bitartean, seme-alabak eta ilobak emantzipatu ezinik dabiltza. Zer esanik ez ama bakarrak garenok, beste herrialde batzuetatik etorri garenok, erroldarik ere ez dugunok.

Etxebizitza: negozio bide oparoa batzuentzat eta eskubide ukatua gehienontzat. Ez da bidezkoa.

Aterabideak kolektiboa izan behar duela sinetsita gaude. Etxebizitza eskubidea bermatzeko merkatuaren logikatik ateratzea ezinbestekoa da, eskubide unibertsala eta erreala izan dadin. Pertsonarik ez dadin egon aterpe duinik gabe. Eta badakigu eskubide guztiak lortu diren modu berean lortu beharko dugula hau ere: elkarrekin antolatuz, borroka eginez.

Etxejabeei presio eginez arazo asko konpondu daitezke; instituzioak interpelatuz, politika publikoak aldatu daitezke. Parke publikoa handitzea eta etxe hutsen zergapetzea, besteak beste, borondate politiko kontua direlako. Eta borondate faltaren aurrean erabakiz aldatzea eragin dezakegulako.

Etxebizitzaren arazoan, lan gatazketan bezala, langileon bizi baldintzak hobetu, gure aldeko neurriak irabazi eta garaipenak lortzeko presio sindikala beharrezkoa izango da. Haiek antolatuta daude. Guk ere antolatu beharra dugu, eta LABek ez du hutsik egin nahi.

Etxebizitza publiko eta sozialaren alde. Alokairu eta hipoteken prezioak jaisteko. Funts putreen, banketxeen, etxe-agentzien eta etxejabeen espekulazioaren aurka. Higiezinen patronalaren abusuei aurre egiteko. LAB borrokarako prest!

----------

Gontzal Santo Domingo Treceño

LAB Abiatu Debaldea-ko Asanbladaren izenean

Debagoiena

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak