Europarlamentuaren dimentsioak eta urruntasunak eta europarlamentuaren osaerari buruzko ezjakintasunak ez dute parte hartzeko motibaziorik ematen.
Nire ustez, arrazoi asko ditugu hauteskunde hauetan parte hartzeko: bakea eta urte askoan lortutako eskubide unibertsalak ditugu jokoan. Gerra-danborrak entzuten dira gure mugetan, desinformaziorako hedabideak testuingurua prestatzen ari dira iritzi-artikuluekin; gazteak gerrarako prest ote dauden jakiteko, adibidez. Eskuin muturra gorantz doa, ezker txepelak eskuinaren agenda erosten duelako eta ez dituelako bere helburuak indartzen. Borroka kulturala kalera eraman behar da eskuin hedabide gehienak indargabetzeko, kontrabotere gisa eta gehiengoen eskubideen defentsan pedagogia egiteko.
Bakea eta eskubide unibertsalak ditugu jokoan. Eta nahiz eta ez uste hauteskundeak nahikoa direnik autoritarismoaren eta militarismoaren olatu hori iraultzeko, parte-hartzea inoiz baino beharrezkoagoa da. Uste dut hauteskunde hauetan etxean geratzeak ekar diezagukeela aurrerago kalera atera behar izatea, gure senideak gerrara eraman ez ditzaten. Gazteak modu bortitzean gerrara joatera behartzen dituzten bideoak ikusi besterik ez dago, eta hedabideek ezkutatzen dituztenak.
Gaineratu nahi dut ez dela nahikoa izango bozkatzera joatea; sare antimilitarista, aktiboa eta militantea ehundu beharko dugu gerrako aurrekontu ekonomikoei eta arma-industriaren interesei aurre egiteko. Faxismoaren gorakadari kultura gehiagorekin eta konpromiso militantearekin egiten zaio aurre.
Ez dezagun ahaztu gerrak aberatsek eta kapitalak antolatzen dituztela beren interesak defendatzeko, eta bertan langile klaseko pertsonak hiltzen direla; hori bai, kapitalismoaren porrota sistema gisa ezkutatzen duten enkoadraketa nazionalistekin, lurraldekoekin, ideologikoekin. Kapitalismoak, bere gainbeheran, birsortu egin nahi du gerrak eta suntsipena sortuz; horregatik, ez diezaiogun eskuin militaristari bere europarlamentua inposatzen utzi.
Botoari eta faxismoari buruzko gogoetak askoz ere konplexuagoak izan daitezke, baina, modu laburrean, hau esango nuke: nik frankismoa bizi izan dut, eta, egun, frankismoaren hondarrak ikusten ditut. Hondarrek faxismoa gorpuzteko balioko duten beldurrez, nik prest daukat nire botoa, errepubliken aldekoa eta ez monarkikoa, bakezalea eta militarismoaren aurkakoa, langile klasearen aldekoa.
----------
Iñaki Barrutia Arregi
Psikologo klinikoa
Arrasate