Hautetsi euskaldunak eskatzea eta hurrengo legealdiari begira euskara arloan zituzten programa politikoez galdetzea ziren helburu nagusiak. Errondaren emaitza etsigarria izan zen, oro har. Alderdi batzuen aldetik –ez denak– euskararen aldeko berbak entzun genituen arren, gaiarekiko proiektu eta zehaztasun falta nabaria izan zen, eta ondorio garbi batera iritsi ginen: euskara ez dago alderdi politikoen agendan.
Hauteskunde kanpainan zehar gure ustea berretsi besterik ez dugu egin: euskara arlorako proposamenak hutsaren hurrena izan dira alderdien eskuko programetan eta ekitaldietan.
Hurrengo udalbatzaren osaketa ezagutzen dugu jadanik, eta horrek ere kezkatzen gaitu. Hautetsi batzuen euskara maila hain da baxua, ezen Udalak euskaraz lan egiteko eta funtzionatzeko oztopo garbia izan baitezake.
Udalak erraztasun guztiak ematen dizkie hautetsiei euskalduntzeko zein euskara maila hobetzeko, eta gaurdanik eskatzen diegu arduraz jokatuz aukera horiek balia ditzatela. Herritarren hizkuntza eskubideak errespetatzeko gai ez den hautetsiak ezin du bere funtzio publikoa ondo bete.
Gainontzean, osatuko den Udal Gobernuari, edozein delarik, eta, oro har, talde politiko guztiei gonbidapena egiten diegu euskararen aldeko politiketan jauzi bat ematera. Bide horretan AED beti izango dute elkarlanerako gertu.
----------
Eñaut Muxika Olasagasti
AEDko Zuzendaritza batzordearen izenean
Arrasate