Beretzat leku gutxi behar zuen horietakoa izan da, baina ez daki zer-nolako hutsunea utzi duen gure artean.
Arrasatearra jaiotzez eta bihotzez. Txaetako Matromain, bizilekua eta atsedena. Etxeko hormak ferekatuz igarotzen den Urkulu errekarekin xuxurlaka...
Nerabezaroko keinuak soinean zeramatzan mutiko apala. Nekaezina, akiduran ere. Zenbat itzuli munduari! Lanari ez dio beldurrik izan. Denbora galtzeko astirik ez, nonbait.
Bere garaiari, bere gizarteari begira, kooperatibismoa, udalgintza, konpromiso politikoa izan ditu lan esparru, diskrezioz, ospetsu izateari ihesi.
Zorrotz, baina lagun abegitsuaren irribarrea galdu gabe. Handiekin, aurrez aurre; auzokoekin elkar hartuz.
Ametsei jarraiki, errealitatearen gordintasunaz jabetuz, azkenean, beti baietz esanez amaitzen zuena.
Oinak lurrean eta burua lanean, ehuneko ehunean. Ilusioak astinduz, soluzioak prestatzen saiatu dena. Ingeniari zela ezin disimulatuz, beti irtenbideen bila.
Ekologia praktikarekin predikatu digu. Natura maite zuen; huraxe izan da bere habitata. Indio deitzen genion eta deituko diogu berarekin gogoratzean.
Hire adiskidantzaren oroimena gugan gera bedi Urkulu errekak xuxurlaka dirauen artean, behintzat.
----------
Xabier Zubizarreta eta Ino Galparsoro
Haren kide izandako guztien izenean
Arrasate