Niri, tamalez, uste baino gehiagotan gertatu zait horrelako kasuren bat.
Horren harira, azkenaldian, askotan pasa naiz Muru mendiko tontorretik, bertatik oso gertu dagoen altxor handi batetik oharkabean pasatuz behin eta berriz.
Muru mendiak altxor ugari ditu eta horietako bat guda zibileko lubakia da.
Lubakia Arabatik zetozen matxinatu faxistak geratzeko tokia izan zen.
Ez naiz historialaria, ezta aditua ere, baina garbi dago lubaki hark ez zuela askorik iraungo, Gipuzkoa osoa –Elgeta izan ezik– segituan jausi baitzen faxisten esku.
Elgetan dagoen lubakiarekin konparatuz, Muruko lubakiak politikoki esanahi eta garrantzi askoz txikiagoa du.
Baina berau osatu zuten pertsonetara zein beraien giza balioetara jotzen badugu, aitortza handiagoa behar duen tokia da.
Horregatik, lerro hauen bitartez, modu apalean, dei hau egin nahi nuke: Murutik lubakietara doan tartetxoan bidexka txukuna atontzea, jendeak bertara heltzeko aukera garbiagoa izan dezan; izan ere, orain, joateko aukera dago, baina kontuz ibilita, estropezurik ez egiteko, eta utzikeria itxura ematen dio hain toki seinalatuari.
Eskatzea beti da erraza –jakitun naiz–; egitea, berriz, ez hain samurra.
Baina, askotan, diru-xahuketa eta ingeniaritza-lan handiak baino gehiago, imajinazioa, lana txukun egiteko gogoa eta horretarako giza talde bat osatuz, gauza polit asko egin daitezke.
Etorkizunean, eskari hau aurrera irtengo balitz, gustura hartuko nuke parte berau egiteko auzolanean.
----------
Mikel Errasti Legazpia
Aretxabaleta