Haurrekin, berriz, bazenuen sentsibilitate berezia, Hamelingo txirulariaren pare jarraitzen zintuzten eta Poligonoko haurren danborradan benetako ikur bihurtu zinen.
Ezin ahaztu Altzasu elkartean ere denen batutzaile zinela. Gaztaina erre haietan beti haurrez inguraturik nola esaten zenuen, "eragin danbolin horri", txispak ateraz, gustura asko denok.
Erreferente arlo askotan izan zinen: presoekin, txirrindularitzan, danborradan, abesbatzan... Benetan emankorra zinen.
Pandemia garaian ere, auzoa alaitzen eta batzen. Pentekosteak tarteko zirela, Bitorianatxo ere atera zenuen, gora eta behera hor ibili zenuen, auzoan parte hartuaz eta Arantxarekin zure balkoian musikak lagunduta balsa dantzatuz.
Azkenik, pentsiodunen astelehenetako elkarretaratzean biltzen ginen. Hor ere, zure duintasuna erakutsiz.
----------
Itziar Usandizaga
Bergara