Erretiratzeko adina gainditu dugun emakume asko gaztaroan elkar hartuta borrokatu ginen ukatzen ari zitzaizkigun eskubideak eskuratzeko, eta soldata eta lan-baldintza hobeak lortzeko langileen borrokan ere inplikatu ginen. Azken batean, gure eskubideak eta pertsona guztientzako gizarte justuago eta berdinagoa lortzeko borrokatzen eta mobilizatzen ginen.
Eta orain, zahartzarora iritsi garenean, gure eskubideen alde borrokatzeko beharra ez da desagertu. Emakume askok miseriazko pentsioak ditugu, pentsioetan genero arrakala pairatzen dugu, indarkeria ugari jasaten dugu eta abar.
Pentsio publiko eta bizi-baldintza duinak eskatzen ditugu, duintasunez bizi ahal izateko. Zerbitzu publiko onak behar ditugu, etxez etxeko arreta zerbitzuetakoak eta egoitzetakoak, errespetuz zainduko gaituztenak.
Lagunak, antolatu, elkarrekin lan egin eta mobilizatu beharra daukagu. Eskatzen duguna ez da oparia, baizik eta eskubideak. Inoiz ez da berandu batzarretan parte hartzeko, gure iritzia emateko, animatu nahi zaituztet herritarren mugimenduetan parte hartzera. Guk adineko pertsona guztientzat bizitza duinaren alde borrokatzea ahalduntze prozesuaren parte bezala ikusten dugulako.
Amaitzeko: munduko gerra ugarietan pairatzen ari diren emakume, neska eta herritar guztiei ere elkartasuna adierazi nahi diegu; gerrarik ez!
----------
Itziar Usandizaga
Duintasuna elkartearen izenean
Debagoiena