Zuk ez duzu diktadura garaia ezagutu, geroztik jaioa zara. Orduan, diktaduraren alde zinen edo, bestela, aurka, erdibidekorik ez zegoen. Beste zenbait erakunde militarretan ere gauza bera gertatu da Euskal Herrian, eta munduan ere baditugu pentsamendu bakarreko adibideak ugari, errealitatea ukatzen edo manipulatzen dutenak. Honekin ez zaitut zu hauekin parekatu nahi, baina kontuz, hauek bezainbat pentsatzen baduzu egia osoaren jabe zarela eta zure iritziekin bat ez datozen gauzak entzuten dituzunean "piromanoa" deitzen banauzu, oso oker zabiltza. Nire bizitzan, nire familian, horien guztien aurka gogor borrokatu gara. Valogreen zutabearen aurretik idatzi nuen Egiaren balioa gogora ekarriz, Hemen eta han, beti berdina dena da egia.
Nire idatzian esaten dudana da enpresa bat Bergaran kokatzeko lehen baimena alkateak ematen duela; hori hala da han eta hemen. Eta hori halaxe izan da Valogreenen kasuan, zuk nahi edo ez nahi. Hau ez da ez intoxikazioa ezta desinformazioa ere, errealitatea baizik, eta ondoren esaten dituzun guztiak, "kakaztu dezagun giroa bozka batzuen truke" edo "[Jaurlaritza] ingurumeneko eta Bergarako hirigintza araudiei salto eginez, aurrera egiten saiatuko da?", lekuz kanpo dauden hitzak dira; eta bigarren kasuan, gainera, Jaurlaritzak lege hauste bat egin dezakeela baieztatzea larria dela iruditzen zait. Benetan informazio zuzena eta serioa ematea hori dela uste baduzu, diktaduraren oso antzeko jarrerarekin zabiltza: "Edo nik pentsatzen dudana da edo nire aurka zaude". Eta hori bai ez dizudala onartuko, ez zuri, ez Vox bezalako faxistei, eta ez horrela jokatzen duen inori.
----------
Aintzane Oiarbide
Bergara