Emakume pentsiodunen deia, azaroaren 25a dela eta

Erabiltzailearen aurpegia Gutunak 2021ko aza. 20a, 00:00

Emakume eta gizon pentsiodunak: azaroaren 25a Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Eguna da.

Gizonek emakumeek baino gehiago balio dutelako ideian oinarritzen da sistema patriarkala; izan ere, balio sistema horrek bizitzaren esparru guztietan eragiten du, eta emakumeen aurkako mota askotako diskriminazio- eta indarkeria-ekintzetan islatzen da.

Adineko emakumeak ez gaude genero-indarkeriatik salbu. Askotan, familian eta gizartean, baita asistentzia-guneetan ere, tratu txar psikologikoak jasaten ditugu: umiliazioak, sinesgarritasun falta, irainak, diruaren kontrola, abandonua...

Era berean, ez gaude tratu txar fisikoetatik libre, hala nola jipoiak, medikalizazio jarraitua, sexu-abusuak eta baita hilketa ere.

Duela urte askotatik jasaten dugu indarkeria, hitz egiteko edo salatzeko beldurrez. Horrek kalte sakonak eragiten ditu autoestimuan, osasunean eta gure bizi-kalitatean. Eta adineko emakume askok indarkeria ekonomikoa jasaten dugu, diru-sarrera propiorik ez dugulako, edo baliabide gutxi.

Emakumeen aurkako indarkeria da bikotekidearen diru-sarreren mende egon behar izatea, edo hilabete amaierara beren diru-sarrerekin iritsi ezin izatea. Euskal Herriko emakume askok kotizazio gabeko 400 euroko pentsioak dituzte; 63.000 alargunek 1.080 euro baino gutxiago kobratzen dute eta laurdenek 700 baino gutxiago.

Negoziatzen ari den Pentsioen Erreformak ahaztu egiten gaitu. Ez dago neurririk soldatetan eta pentsioetan genero-arrakala desagerrarazteko. Ez da alarguntza-pentsioa aipatzen, ezta emakume asko miseriatik ateratzeko behar den gutxieneko pentsioa ere. Etxean eta etxetik kanpo gogor lan egin dugunok baliotsuak gara, eta ez dugu gehiago isilik jarraitu nahi.

Ostegunean Euskal Herriko herri eta hiriburuetan egingo diren manifestazio feministetan masiboki parte hartzera gonbidatzen ditugu emakume zahar eta pentsiodun guztiak. Gizon pentsiodunak eta adinekoak ere etortzea espero dugu, jakin badakigulako gure aldarrikapenak babesten dituzuela, emakumeek eta gizonek berdintasunean eta askatasunean elkarrekin bizi ahal izateko gizarte baten alde.

----------

Itziar Usandizaga

Bergarako pentsiodunen izenean

Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak