Ekain amaieran hasi dira Euskal Y deritzonaren erdigunean doan bidegurutzea osatzen duten hiru tunel erraldoi egiten. Tunel horiek egiteko leherketak egitearekin batera, barruko airea berritzea bermatuko duten airegeneradore erraldoiek dihardute. Horien zaratak kontrolatzeko hainbat neurri hartzeko eskatu zizkion Bailarako Batzarrak Bergarako Udalari eta Adifi berari. Lehen kexa horiek bideratzeko asmoz, hasiak omen dira dezibelioen lehen neurketak egiten. Azaldutako egoeraren aurrean zein neurri hartuko dituzten zain gaituzte.
Etengabeko bateko eta besteko burrunba eta dinamita eztandek txundituta uzten bagaituzte ere, txundituago gaitu eztanda horiek gaueko edozein ordu txikitan gertatzeak; bailara osoan entzuten dira, bertakoon loa eta atseden orduak ere etenez. Jaiegunetako etengabeko lan-jardunak ere eragin berbera du, atsedenaldirako denbora lanen gorabeherekin uztartuz. Ez dago etenik. Jo eta su dihardute ordulariari begiratu gabe. Errespetatu beharreko gutxieneko ordutegi eta egutegirik ez dago?
Pandemia bete-betean, jendarte guztia etxeko itxialdian geunden hartan, AHTaren obrak soilik egun gutxi batzuk baino ez zituzten gelditu. Orain, eguna edota gaua izan, berdin dio; eta edozein ordutan burrunba, tiroak eta zaratak ez du atsedenik hartzen.
Balio dezatela lerro hauek ezagutzen ez den errealitate isil-zaratatsu hau jendarte guztiari berri emateko. Eta baita dagozkien administrazioei zentzuzko lan-ordutegietan jarduteko eskaera egiteko ere. Azkenik, denak gonbidatzen zaituztegu Gipuzkoako txoko honetara etorri eta erraldoia ikustera. Hori bai, gogoan izan hori baino askoz gehiago direla Angiozar Bailarako altxorrak.
----------
Mila Elorza
Angiozar Bailarako Batzarraren izenean
Bergara