EAJ, ostalaritzaren "alde"

Erabiltzailearen aurpegia Gutunak 2020ko aza. 27a, 00:00

Bizi dugun osasun larrialdia dela eta, Eusko Jaurlaritzak ostalaritza ixteko aginduaren ondoren, sektorea arrisku larrian dago. Gastu mordo bati aurre egiten jarraitu behar dugu, eta ez dakigu noiz arte eutsi ahal izango diogun.

Testuinguru honetan, asteartean, azaroaren 17an, EH Bilduko Udalak deituta, Oñatiko ostalariok bilera izan genuen. Herriko ostalariez gain, zeharka kaltetutako herriko hornitzaile bat, EH Bilduko bi ordezkari eta "herritar gisa" joandako EAJko ordezkari bat izan ginen bertan.

Bileraren helburua zen guri ahotsa emanez gure eskaera eta ekarpenak entzun, aztertu eta, horren arabera, dirulaguntzak bideratzea.

Ordu eta erdi inguru iraun zuen bilerak. Bukaeran, ohikoa den bezala, bilera osteko bilerak jarraitu zuen. Beste barik.

Gure sorpresarako, bileratik bi egunera, Goienaren webgunean berri hau irakurri genuen: EAJk "berehalako neurriak" proposatu dizkio alkateari ostalariei laguntzeko.

Bertan, EAJk ostalaritzari laguntzeko hainbat proposamen egiten dizkio Udalari.

Eta a ze kasualitatea! Proposamen horiek guk Udalari egindakoen berdinak ez dira, ba?!

Argitu nahi dugu ez gatozela bat ostalaritzaren egoera larria erabilera politiko alderdikoietarako erabiltzearekin.

Gaurdaino, EAJko inor ez da gurekin harremanetan jarri, inork ez digu proposamenik egin. "Herritar gisa" joandako ordezkaria ere ez zen guregana hurbildu!

Gainera, ostalaritza sektorearen eskumena Eusko Jaurlaritzarena da –EAJrena–. Eta, momentuz, ez dugu haiengandik inolako laguntzarik jaso. Udaletik ez bezala.

"Hipokrisia eta erabilera politikoa baztertu eta elkarlanerako momentua da"; "Elkartasuna, babesa eta konpromisoa". Hauek EAJk esandakoak. Hori bai, esandakoa praktikan jartzea falta zaie! Oñatin, beraien jabetzakoa den tabernaren alokairuan, tabernariari ez baitiote askorik lagundu. Hori bai hipokrisia galanta!

Ekarpenak, datozen lekutik datozela, ongietorriak izango dira, baina ez gure izenean politikakeriarik egin, ez eta dominarik jartzen saiatu.

----------

Xabier Elorza, Garikoitz Ibarzabal eta Miguel Angel Palacin

Boga, Arrano, Arkupe, Aker, Pako, Itturri, Izarraitz, Ongi Etorri, Ikatz eta Amets tabernen izenean

Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak