Ibon Arruperi erantzunez

Erabiltzailearen aurpegia Gutunak 2020ko urr. 18a, 00:00

Arrasateko Udalean Hirigintzako batzordeburu eta alkateorde den Ibon Arrupek kaleratu duen iritzi artikulua dela eta, hau adierazi gura dugu Arrasateko EH Bildutik:

Onartezina da udal agintari batek herritarrekiko errespetua galtzea. Ez da lehenengo aldia, ez eta bigarrena ere, Arrupe jaunak bere planteamendu urbanistikoekin edota ideologiarekin bat ez datozen herritarrei mespretxuz erantzuten diena. Oraingo honetan, matxista supremazistak omen Grupo San Juaneko arkua bota gura ez duten auzokoak.

Uste dugu badela garaia karguan jarri zuen Maria Ubarretxena alkateak etika politiko minimoena ere ez daukan alderdikidearen jarrera babesteari utzi eta neurri zuzentzaileak hartzeko. Onartezina da, halaber, Arrupe jaunak Grupo San Juanen gauzatzeko asmoa duen proiektu urbanistikoa defendatzeko genero ikuspegiaren aitzakiaz baliatzea, aipatu arkua puntu ilun bat dela argudiatuz. Logika horren arabera, etxalde osoa eta, are, Zaldibar frontoia bota beharko lituzke.

Urteak daramatzagu Arrupe jaunari bai oposiziotik, bai mugimendu feministatik herriko puntu ilunak ezabatzeko plangintza integrala eskatzen. Emakume Txokoan egindako tailer batean parte hartu zuten herritar batzuek ere gaiaren inguruan egindako azterketa helarazi zioten aspaldi, eta kajoian gordeta dauka. Eta berdin, behin Emakume Txokoa aipatuta, herriko puntu ilunenetako bat den udal zerbitzu horren sarrera konpontzeko egitasmoa, EAJ-PSOEk udal gobernua hartu zutenetik geldirik dagoena. Horiek esanda, eskaera hauek egiten dizkiegu Arrupe jaunari zein hirigintzaburu izendatu zuen udal gobernuari: bat, Arrupe jaunak Grupo San Juaneko auzokoen inguruan esandakoak publikoki zuzendu ditzala; bi, hirigintza feminista baten alde benetan badaude, gaiaren inguruko plangintza osoa egiteari ekin diezaiotela, 2021eko udal aurrekontuan baliabide pertsonal zein ekonomikoak jarriz eta hori aldarrikatzen urteak daramatzaten mugimendu feministarekin eta oposizioko alderdiekin lankidetzan arituz.

----------

Itxaro Artola

Arrasateko EH Bilduren izenean

Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak