Xabi Mondragoni erantzuna (Udalaitz Bizirik taldea)

Erabiltzailearen aurpegia Gutunak 2020ko uzt. 10a, 00:00

Joan den astean, Xabi, gutuna bidali zenidan Udalaitz Bizirik taldearen izenean.

Batetik, esan, ikusten dituzun etsai eta deabrukeria guztien erantzule bezala ni pertsonalki jartzea deskalifikazio hutsa iruditzen zaidala. Ez noa aipatzen dituzun proiektu guztiez hitz egitera, gehienak ez baitute zerikusirik nire jarduera politiko zuzenarekin, baina bai aipatzen dituzun esaldi pare bati erantzutera.

"Ongizatearen eta tolerantziaren defendatzaile bazara, Baskongaden gobernuko parte, ez infantilizatu herritarrak zure artikuluekin". Zure gutunean tolerantzia gutxi ikusten dut niri lezioak ematen hasteko, eta Euskadin gaur egun dugun ongizate maila nabarmena dela mundu guztiak daki, batzuek 40 urtetan herria eraiki egin dugulako; beste batzuek, ordea, zenbat eta okerrago, hobeto leloari jarraitu diote. Ongizate maila eta lortu ditugun eskumen eta zerbitzuak hobetu daitezkeela? Bai, horixe, eta horretan jarraituko dugu lanean, orain arte bezala. Bestalde, herritarrak infantilak diren konklusioa zeuk atera duzu, nik oso ondo dakit herritarrek pentsatzen eta egiten ederki dakitela inoren tutelaren beharrik gabe. Nire artikuluak ez dituzu gogoko, hori zilegi da, baina tolerantzia gutxi erakusten duzu nire iritziak emateari.

Zure beste esaldi bati erantzungo diot: "Arazo handiei irteera orekatuak eta naturarekiko errespetagarriak emateko, balioak eta printzipioak behar dira, zuk ez dituzunak". Nortzuk zarete zu eta zure taldekideak horrelako deskalifikazioa egiteko? Ezagutzen al nauzue? Ba al duzue nire bizitzaren berri? Beharbada, zuetako askok baino gehiago bizi izan dut naturarekiko errespetua eta zuek baino ezagutza gehiago ere izan dezaket nire aitak ondo erakutsitako naturarekiko maitasun hezkuntzari esker. Ezjakintasuna ez da argumenturik onena. Pertsonak deskalifikatzea argumenturik ez duenaren defentsa kaxkarra izaten da, Xabi.

----------

Aintzane Oiarbide

Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak