Elgetako Kutxabank ixtear dagoela jakin dugunean, herritarrekin eta, batez ere, Xalbadorpe elkartearekin bat egiten dugu. Adinduen elkarteak garen heinean, uste dugu neurri honek eragin zuzena eta kaltegarria duela kolektibo honengan. Izan ere, multzo anitza osatzen dugun arren, asko eta asko gara teknologia digitaletan trebatuta ez gaudenok. Banketxe-zerbitzu zuzenik ez edukitzeak arazoak sortzen dizkigu eguneroko banku-operazioak egiterakoan, gure autonomia pertsonala mugatuz eta murriztuz; erabaki diskriminatzailea iruditzen zaigu.
Bere burua aurkezterakoan, honela diosku Kutxabankek: "Pertsonekin konpromiso tinkoa duen erakundea gara. Gure bezeroak dira Kutxabanken lehentasun nagusia, gure negozio-eredua hurbileko hartu-emanean". Banketxeak argitaratu dituen datuen arabera, berriz, 2019an, 352,2 milioi euro garbi irabazi zituen, aurreko ekitaldian baino %6 gehiago.
Ondorioz, ez dugu Elgetako zerbitzua ixteko arrazoirik ikusten; bai, ordea, herritarrei egiten zaien kaltea. Bereziki, adin nagusikoei, hauek izanik, hain zuzen ere, urte gehien euren konfiantza eta dirua banketxean mantendu dituztenak. Ezin dugu onartu hartu duzuen erabakia, eta bertan behera utz dezazuela eskatzen dizuegu.
Gure eskaera ontzat emango duzuelakoan agurtzen zaitugu.
----------
Pilar Etxaniz
Landatxopeko zuzendaritzako kidea
Antzuola