Eitzagako isurtegiaren inguruan gutun irekia

Erabiltzailearen aurpegia Gutunak 2020ko ots. 21a, 00:00

Hamabi egun igaro dira Verter Recycling zabortegian luizia gertatu zenetik, eta Joaquin eta Alberto beharginak harrapatu zituenetik. Ondoren, su hartu zuen zabortegiak. Denak ez badira ere, gertatutako nagusiak azaldu nahi nituzke.

Otsailaren 10ean, Eusko Jaurlaritzak lehenengo aldiz deitu zuen batzarra, eta Eibar, Ermua eta Zaldibarko alkateak gonbidatu zituen. Eskaria egin genuen bileran parte hartzeko, Elgetak zabortegiarekin muga egiten duela azalduz. Prestutasuna dugu parte hartzeko, ahal dugunean laguntzeko, eta informazioa zuzenean jaso nahi dugu, herritarrak ganoraz informatu ahal izateko. Ez dugu erantzunik jaso oraindik.

Otsailaren 12an, Elgetan ere airearen kalitatearen neurketak egiteko eskatu genuen, kea eta usaina nabarmenak izan baitziren. Harrituta jaso nuen herritar baten deia, arratsaldean auzoan airearen kalitatearen neurketak egiten jardun zutela esanez. Ez genuen inolako abisurik jaso.

Otsailaren 14an, nabarmena zen ke usaina. Bide ez ofizialen bitartez jabetu ginen neurketetan dioxinak eta furanoa antzeman zituztela. Osasun Sailak eginiko gomendioen berri ere sare sozialen bidez izan genuen. Ez deirik, ez mezurik, ez erantzunik.

Larunbat goizean, larrialdi zerbitzukoekin jarri ginen harremanetan, dioxinak eta furanoa zirela-eta kezkatuta. Eibarren kea toxikoa bada, Elgetan ez? Zabortegitik 500 metrora bizi diren herritarrei zer erantzun? "Lasai, dioxinek eta furanoak badakite muga non dagoen..."?

Haizeak iparretik joko zuela jakitun, egun horietarako beste herrietan egindako gomendioak –leihoak itxita izatea eta aire librean kirolik ez egitea– geure egin genituen. Gaur, otsailaren 18an, entzun ditugu Elgetari buruz lehen aldiz hitz egiten. Telebistaz. Elgeta gonbidatuta omen dago koordinazio mahaira. Elgetan egingo omen dute informazio bilera. Hori guztia, elgetarrak kontuan izan gabe, Elgetako Udalarekin harremanetan jarri gabe. Etsigarria. Elgetarrok ez dugu hau merezi.

Azkenik, besarkada potolo bat Joaquinen eta Albertoren familiei. Besarkada potolo bat zabortegi horretan arriskuan lan egin duzuenoi, eta lanean diharduzuenoi.

----------

Iraitz Lazkano Garitaonandia

Elgetako alkatea

Elgeta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak