Piztu da piztia

Erabiltzailearen aurpegia Gutunak 2019ko aza. 22a, 07:35

Azken egunotan zinean bi film ikusteko aukera izan dut, biak ala biak Espainiako gerra zibilean girotutakoak. Amenabarren Mientras dure la guerra-k Miguel de Unamuno vasco-aren azken egunak ditu ardatz, nola pasatu zen Errepublika diskurtso ezkertiarrez babestetik altxamenduko kolpisten konplize izatera eta nola konturatu ordurako jadanik atzera bueltarik ez zuen izan: piztia geldiezina zen jada.

Beste filmak, moriartitarren La trinchera infinita-k, bestalde, faxistek harrapatu eta hilko zuten beldurrez etxean urteak ezkutaturik pasa zuten sator delakoen historia dakar gogora eta nola aliatuek faxismoaren aurkako gerra irabaztea zuten esperantza izpi bakar, ondoren Francoren aurka joko zutelakoan. Baina euren esperantza hori zapuztuta ikusiko zuten Einsenhowerrek lehenengo Franco aliatu gisa hartu eta, ondoren, Espainia frankista Nazio Batuen Erakundean onartu zutenean.

Egunotan Bolivian estatu kolpe larria bizitzen ari dira eta horren berri jasotzen ari gara, bereziki sare sozialen bitartez, jakin baitakigu komunikabide handiak, tartean gure EITB, nolako jarraipen hutsala dabiltzan egiten izugarri larria den gertakari horren inguruan. Horregatik, ziurrenik, askok ez duzue jakingo Europako Batasunak, tartean EAJren aldeko botoarekin, bere onespena eta zilegitasuna eman diola bere burua Boliviako presidente gisa autoproklamatu duen Jeanine Añez ultraeskuindar ultrakatolikoari. Modu honetan, Europako Batasuna, oposizioko indarrek eta indar militarrek burutzen ari diren Evo Morales presidentearen jarraitzaileen garbiketa sistematikoa zurituz, hilketen konplize bilakatu da.

Ziur nago Pinochet, Videla, Bordaberry, Stroessner, Rios Montt… diktadoreek Ameriketako Estatu Batuen laguntzarekin estatu kolpeak gauzatu zituztenean Europako Batasuna existitu izan balitz, logika berean, hauen aldeko babesa ere bozkatuko zukeela Izaskun Bilbaoren EAJk, euren demokraziaren ikuskera oligarkikoz mozorrotuko lituzkeela estatu kolpe horiek eta ondorengo sarraskiak ere. Zorionez, historiak epaitu ditu horiek guztiak. Zoritxarrez, ordea, historia etengabean errepikatzen den errotarria dugu: Trump, Netanyahu, Bolsonaro, Piñera, Salvini, Abascal, Guaido, Añez… piztia bera dira. Eta zuek, EAJ, piztia hori elikatzen zabiltzate.

----------

Iñigo Louvelli Nieves 

Aretxabaleta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak