Hasteko, esan behar dut ondare historiko-artistikoaz ezer esateko zilegitasun minimoa ere ez daukala Udal horrek. Hasteko, ez da egia "raseatu" batean egindako pintaketa batek ondare historiko-artistikoa kaltetzen duenik. Larriagoak iruditzen zaizkit Arrasateko udaletxeko balkoietan, forja barroko elegante horretan, azkeneko urteetan zintzilik dauden plastikozko loreontzi horiek, edo Herriko Plazan parrokiako beirate edo bidriera ederrak ikustea galarazten digun plastikoz estalitako kiosko barregarri hori. Edo Portaloian bertan horman itsatsita dauden burdinazko plaka horiek, Alde Zaharraren PER negargarriarekin hain ondo uztartzen direnak.
Gainera, inolako lotsa barik ondare historiko-artistikoa aipatzen dute Etxezarretako harrizko zubiaren desagerpenaren erantzule zuzenek, Adan de Yarza jauregiaren aurrean zegoen burdinazko hesia desagerrarazi dutenek, Ricardo Olaran arkitektoak Garibairi eraikitako monumentu liraina eraitsi zutenek eta Elmako bulegoen eraikina etxeen artean itotzea onartu dutenek.
Arbolapetako arkuaren berriztatzea aipatzen dute, hain gustu txarrarekin egindako lan horrek sekulako meritua balu moduan…
Kulturate ere sartzen dute pintaketak jasan dituen monumentuen artean; ba, niri, grabeagoa iruditzen zait eraikin horretako obraren aurrekontuan egondako desbideratzea edo fatxadan bertan apurtuta dauden harlauzak ikustea, edo Kulturateko hormak nola kentzen dion bolumena eta edertasuna San Frantziskoko fatxadari.
A! Eta Arrasateko Udalak PER-en bidez eta beste arbitrarietateekin Alde Zaharrari egindako kaltea beste baterako utziko dugu.
Baina, mesedez, artea eta ondarea ez aipatu inor kritikatzeko.
----------
Ramon Ugalde
Arrasate